Memoriaren Espazioa Larrabetzu

Larrabetzu Burdin Hesiaren alboan kokatuta dagoen herria da. Hain zuzen ere, hemendik apurtu zuten defentsa lerroa faxistek, eta horren lekukotza gordetzen duten aztarna ugari topatu daitezke oraindik.

2019ko otsailan Anguleri kultur etxean estreinatu zan Memoriaren Espazioa interpretazio zentroa. 2015 urtean  martxan jarritako prozesu parte hartzailearen emaitza da zentroa. Herriko memoria egitasmoen epizentro bilakatzea nahi da.  Larrabetzuko oroimen historikoaren berreskuratze lanak erakusteko eta haiei lotutako gertaera historikoak azaltzeko helburuarekin sortutako gune bat da, betiere giza faktorea jarriz erdigunean. Memorial bat, oroimena zaindu eta biktimei ohore egiteko leku bat. Horretarako, ikus-entzunezkoak, testuak eta udalerrian bertan jaso eta herritarrek emandako objektuak erabili dira.

Proiektuaren zailtasunik handiena erakusketa Anguleriko aretora egokitzea izan da; hau da, hark urtean zehar jasotzen dituen ekintzen (hitzaldiak, mahai inguruak…) eta erakusketaren arteko bateragarritasuna lortzea. Aurkitutako irtenbidea hormen kontra biltzen diren panel tolesgarriak jartzea izan da. Panel horiek eta zona honetan topatutako zein herritarrek emandako objektuak biltzen dituzten bitrinak ikusgai daude jada.

Memoriaren inguruan lan egiteko gune berri bat, herritarrak eta bisitariak erakartzeko eta gure historia ezagutarazteko; baina baita gai horren inguruan ibilbideak eta egitasmoak antolatzeko erreferentziazko espazio bat ere. Gainera, denborarekin erakusketa desberdinak egitea espero dugu, betiere oinarri memoria hartuta.

Asmoa, gainera, ez da soilik gerra kontuetan gelditzea. 1936ko gerraren kontakizuna egiteaz gain, horrek herriko bizilagunengan izan zituen ondorioen aitortza ere egin nahi dute, osteko urteetan bizi izandakoaren testigantzak bilduz. Ohartarazi duenez, helburua ez da izan soilik gerrako materiala biltzea, baizik eta gerra osteko hamarkadetako bizitza islatzen zuten objektuak pilatzea ere. Herritarren parte hartzea funtsezkoa izan da: eskolako materiala, argazkiak, liburuak… garai hartako egoeraren berri ematen duen material asko ekarri dute.

Izozmendiaren punta

Interpretazio zentroa Larrabetzuko memoria ondareari balioa emateko proiektuaren erdigunean egon arren, beste hainbat lan lerro ere biltzen ditu egitasmoak. Bost lan ildo nagusi ditu Stoak garatutako proiektuak: Jaso, Zaindu, Zabaldu, Erein eta Saretu. Memoria gordetzeko, lehenbizikoz jaso egin behar da, eta, horretarako, leku, bizipen, agiri eta objektuen bilketa sustatu nahi da ildo horren bidez. Ondoren, batik bat, inguruneko lekuak eta objektuak zaintzeko neurriak ere bultzatuko dira.

Horrekin batera, Larrabetzuko gune osoan gordeta dagoen memoria hori zabaltzeko hainbat jarduera garatuko dira: bisita gidatuetatik hasi eta memoriaren mapa bat osatzeraino, tokian tokiko interpretazio eta informazio paneletatik igaroz. Hori guztia biribiltzeko estreinatu berri den interpretazio zentroa Erein atalaren parte da, memoriaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak bilduko dituelako. Azkenik, proiektuaren azken ildoak erakunde eta herrien arteko elkarlana bermatzea bilatuko du, saretzearen bidez.