Gertakariak

 

Kaixo lagun:

Ekainaren 20an, Larrabetzuko irudiaren inguruko II. Lan Mintegia egingo dugu, 19:00etan, Angulerin.

Aurreko lan mintegian Larrabetzu herriaren izaera adierazten duten sinbolo, irudi, kolore eta abarren azterketa egin eta gero, oraingoan, ideia horien gainean eraikitako lan grafikoen proposamenak guztion artean aztertzea dugu helburu.

Irudian aditua den Xabier Gorostiaga gurekin egon zen lehen mintegian, eta hortik jasotako argudioekin landu ditu proposamenak.

Xabier Gorostiagak, beste proiektu batzuen artean, hainbat ikastolen jaietako irudia egin ditu, San Mames Barri-ko seinalizazio proiektua edo orain gutxi ireki berri den “Olatua” (Getxoko gurutzontzien terminala)ren irudia. Bilbao-Bizkaia marka sortzeko nazioarteko lehiaketan ere finalista izan zen, bere lantaldearekin batera.

Oraingoan, gure herri komunitatearen ikurra izango den irudi bat lortzea dugu erronka, eta larrabetzuar guztiok identifikatzeko balioko duena.

Hori dela eta, ahalik eta herritar gehienen parte-hartzea izango da biderik onena emaitza egoki eta komun bat lortzeko.

Sorkuntzarako erabilitako zirriborro eta ideiak aurkeztuko dira, eta emaitza moduan aukeratu diren 3 estrategia grafiko egokienak aurkeztuko dira. Guztion artean oniritzia ematen diegun edo lanean jarraitzeko beharra ikusten dugun erabaki beharko dugu hurrengo asteetan. Ondoren, uda pasatuta, estrategia bakar bat aukeratu eta garatu beharko dugu.

Mila esker zure arretagatik, eta espero dugu ekainaren 20an berton elkar ikustea.

Larrabetzuko Alkatea
Iñigo Gaztelu