Pertsona ospetsuak

 

Larrabetzun (Bizkaia) jaio zan 1929. urtean, eta Bilbon garatu eban bere jardun artistiko eta profesional guztia. Izan be, bertan egin ebazan piano, harmonia eta konposizinoko ikasketak, “Juan Crisóstomo de Arriaga” Musika Kontserbatorioan, eta Harmonia irakasle be izan zan bertan.

Akordeoia musika-tresna barria izan zan XX. mendean, eta herri-musikeari lotuta egoan, batez be. 1950. urtearen inguruan, akordeoiak eskaintzen ebazan soinu- eta interpretazino-aukerakaz maiteminduta egoala, ikerketea, metodologia pedagogikoa, ikasteko metodoak, transkripzinoak eta moldaketak egin eta jatorrizko obrak sortu ebazan berak joteko. Holan ba, ikasleak trebatu ebazan, eta akordeoi eskolea be sortu eban Bilbon.

Eukan ilusino, nekatuezintasun eta beharrerako gaitasun handiari esker, lehenengo ikasleak trebatu ebazan, eta ikasle horreek izan ziran gaur egun Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa danaren lehenengo kideak. 1963ko zemendiaren 22an urten eban lehenengoz jente-aurrean orkestrak, eta ordutik errealidade bihurtu da bere ametsa. Izan be, musika-maisu handien obrak interpretau ebazan bere orkestreagaz: klasikoen obrak (Mozart, Beethoven, Rossini, Tschaikovsky, Verdi, Schubert, Bizet, Strauss, etab.), hainbat genero eta estiloko obrak, bai eta zarzuelea, musika frantsesa, herri-musikea eta euskal musika sinfonikoa be (Guridi, Sorozabal, etab.). Beti jo izan dauz bere ezaugarri tinbriko bereziagaz, soinu bakar eta ezbardina lortuz, eta erreferentzia handiena izan da akordeoiaren munduan.

50 urte baino gehiagoko bizitza profesionalean, nabarmentzekoa da musika eta akordeoiaren pedagogian egindako beharra, Bizkaiko gaur egungo akordeoi-irakasle gehienen irakaslea izan baitzan.

Izaera biziko eta independentzia handiko gizon eta artistea zan, bere herria maite ebana eta bere hizkuntzea, euskerea, defenditzen ebana. Beti euki eban bere burua idealistatzat, XIX. mendea maite eban eta behargin nekatuezina izan zan, ezer ez ebana ixten halabeharraren pentzura. Bere ustez, inspirazinoa, arrakastearen % 10 baino ez dana, beharrean egonda baino ez da etorten.

Hainbat eta hainbat kontzertu, kultura-ekitaldi eta lehiaketa antolatu ebazan, akordeoiaren alorreko nazinoko eta nazinoarteko lehiaketetako epaimahaietako kide izan zan, eta musika-aholkularitzea emon eutsen musikari eta konpositore ugariri.

Modu berean, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa zuzentzen ebanean (errepertorio zabala emon eutsala), ehunka kontzertu emon ebazan hainbat eszenatokitan, bai Euskal Herrian, eta bai Espainian, Alemanian, Frantzian eta Polonian be.

Karrera profesional luzea eukala, 1980an goi-mailako akordeoi-ikasketen titulua emoteko eskumena emon eutsan Hezkuntza Ministerioak1988. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak Josu Loroño omendu eban, Jose Alberto Pradera ahaldun nagusiaren eskutik.

1998. urtean, Bilboko Udalak be omenaldia egin eutsan Josu Loroñori, Josu Ortuondo alkatearen bitartez, Bilbon euki eban ibilbide artistikoagaitik. Josu Loroñok ondare garrantzitsua itxi deutse Bizkaiko ehunka dizipulu eta akordeoilariri: musikarenganako maitasuna eta akordeoiarenganako grina. Behar horregaz segitzen dabe gaur egun be bere seme-alabek, Amagoiak eta Asierrek.