Albisteak

 

Euskal Herria, europako polizia eta indar armatu ratiorik altuena duen herria da. Kalkuluen arabera, lurralde osoan 23.000 efektibo daude, 3.000.000 biztanle duen eremu batean. Europako erakundeek aholkatzen duten estatistiken arabera, 6.000 polizi efektibo izan beharko luke. Honek gainera, kostu ekonomiko izugarria du, 1.500 miloi euro ingurukoa urteko, zuzenean edo kupo moduan euskaldunok ordaintzen duguna. 

Bertako polizia indarrez gain, Estatuetako indar armatu eta polizialen presentzia izugarria da. Hamarka luzeetan bizi izan dugun gatazka armatuaren baitan, espainiar zein frantziar indar armatuak herri honetan izan duten presentzia biderkatu egin da. Bost urte luze badira, Aieteko Adierazpenaren baitan gatazka armatua herri honetatik desagertu zenetik. Hala ere, espainiar zein frantziar indarren presentziak bere horretan jarraitzen du. Inolako logikarik gabe burutzen dituzten funtzioak bikoizteaz gainera, egunerokoak dira oraindik hiritarren eskubideak justifikaziorik gabe murrizten zaizkien oinarrizko eskubideak, errepideetako kontrolak, identifikazioak, jazarpenak... burutuz. Euskal Herritarron gehiengoak iraganeko orri hori gainditu nahi duen honetan desmilitarizazioaren eremuan urratsak emateko garaia iritzi da. Euskal eragile eta instituzioek bat egin behar dute beren jardun politiko eta instituzionalarekin norabide horretan.

Modu mailakatuan Euskal Herritik Estatuko Segurtasun Indarren erretiratzea beharrezkoa ikusten dugu. Era berean, herritarren babes eta zerbitzu lanak Euskal Poliziek betetzea da eman beharreko urratsaren beste atala.

Atalka egin beharreko bide horretan, Estatuko Segurtasun Indarren kopuru eta funtzioa gaur egun indarrean dagoen legedira egokituko da. Iraganean geratu diren egoerak ezin dira aitzakia izan, gaur egun gure herrian dagoen indar armatuen dentsitatea mantentzeko. Gaur egunean indarrean dagoen legeriaren arabera, eta modu progresiboan Ertzaintzak eta Nafarroako Foruzaingoak beren gain hartuko dituzte herritarren babes eta zerbitzu lanak, dagokien mailan herri bakoitzeko Udaltzainekin batera.

Hau guztia kontutan izanik, LARRABETZUko EH BILDUK, honako ebazpen proposamena aurkezten dio Osoko Udal Batzarrari, bertan eztabaidatua eta onartua izan dadin:

1.- Udal honek, Espainiako Policía Nacional, Guardia Zibil eta Espainiako Armadaren errepliege osoa aldarrikatzen du.

2.- Udal honek, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta  Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartutako 111/2013 Legez besteko Proposamenarekin bat eginik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatzen dio EAEko lurraldean egin beharreko errepliege plangintza burutu dezan eta Legebiltzarrean aurkezteko, bertan eztabaidatu eta onartu dadin.

3.- Udal honek, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa biltzen dituen Segurtasun Batzordean Legebiltzarrak onartutako plan hori gauzatzearen beharra aldarrikatzen du.

4.- Udal honek, hartutako erabaki honen berri emango die herritarrei,  Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, Espainiako Barne eta Defentsa Ministerioeoi eta Espainiako Gobernuaren Presidenteari.