Albisteak

 

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN EUSKALDUN BERRIARI AITORTZA

Euskara gure herriaren oinarrizko orubea da, gure hizkuntza denez, munduari begiratzeko daukagun leihoa eta mundura zabaltzeko daukagun atea baita. Euskaraz gara, eta euskaratik egiten dugu bidea, eguneroko lanean eta bizitzan.

Hazkunde prozesua izan da Euskal Herrian euskara biziberritzearena, eta bi izan dira prozesu eredugarri horren zutabe nagusiak: hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta  milaka, baita ere,  euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.

2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi zaie, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina  omendu nahi dira.
Gaur, beraz, 2015eko Euskararen Egunean,  LARRABETZUko Udalak honakoa adierazten du:

  • Udalerri euskaldunek izaera horri eutsi baldin badiote, eragile askoren ahaleginari esker eta hiztunen hautuari esker izan da. Aurten, bereziki, euskaldun berrien ekarpena aitortu eta eskertu nahi dugu, euskara ikastearekin, udalerri euskaldunek gure hizkuntzari eusteko dagokien alea jarri dutelako.
  • Euskaldun berriei aitortza hau egiteaz gain, euskaldun berriak sortzen jarraitzeko eta horretarako bitartekoak jartzeko eta erraztasunak emateko konpromisoa hartzen dugu. Baita udalerriaren erabateko euskalduntzean dugun ardura eta egiten dugun ekarpena aztertzekoa ere, horren inguruko hausnarketa eginez, ditugun baliabideen eta eskumenen baitan.
  • Udal honek erabakitzen dau udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster EUSKALDUN BERRIA izena jartzea.