Albisteak

 

1936ko altxamendu frankistaren gaitzespena eta biktimen defentsan kereila jartzeko, EHBILDUk aurkeztutako mozioa, AHO BATEZ ONARTUA!

Martxoaren 29an, Aho batez onartutako mozioa:

1936ko altxamendu frankistaren gaitzespena eta biktimen defentsan kereila jartzeko.

80. urteurrena bete du 1936ko uztailaren 18ko altxamendu frankistak.  Altxamendua, Alemaniako nazien eta Italiako faxisten laguntzarekin, 1931ko apirilaren 14an demokratikoki eratutako Errepublikaren kontra egin zen, eta baita, zilegitasun osoz sortutako Eusko Jaurlaritzaren kontra ere. Demokraziaren eta herritarren aurka egin zein altxamendu faxista, kolpisten ideologia nazional-katolikoaren aurka zeuden pertsona, talde sozial, politiko eta kulturalen triskantza osoa helburu izan zuena.

Matxinadak diktadura gogor bat ezarri zuen, berrogei urte baino gehiagotan ehunka-milaka pertsonen oinarrizko giza-eskubideen urraketa  ekarriaz: desagertuak, fusilatuak, sumarioki exekutatuak, konzentrazio esparruetan, esklabutza lan batailoian, kartzela, kuartel eta komisaldegietan torturatuak, arbitrarioki atxilotuak, exiliatuak, jazarriak…
Orain arte biktima guzti hauek ahaztuak izan dira. Ez dira izan justiziagatik erreparatuak, ezta hainbeste min eta laztura eragin zuten erantzuleak ez dira ikertuak izan, are gutxiago prozesatuak edo zigortuak.  Egoera lotsagarri honek ezin du horrela jarraitu. Ez die eragiten biktimei eta bere senitartekoei bakarrik. Gizarte guztiari dagokio hiritar guztien eskubideak eta interesak babestea, eta batez ere bere instituzioei. Udaletxeak, herritarrengandik eta beraz, egitate eta bizipen tragiko hauek sufritu duten biktimengandik gertuen dagoen  instituzioak hain zuzen ere, baldintza egokienetan daude biktimen interesak defendatzeko eta herritarren eskubideen alde egiteko.

Nola ez da, ba, zilegi izango gure herrian hainbeste biktima eragin zuen estatu-terrorismoaren ekimen sistematikoen aurrean erreakzionatzea? Nola ez gizateriaren kontrako krimenen bitartez instituzio demokratikoak asaltatu zituztenen kontra agertzea?

Oztopo juridiko gaindiezinak daudela konbentzitu nahian ibili dira orain arte. Alderantziz denean: ez da bakarrik inongo oztoporik ez dagoela, baizik eta justiziara heltzeko oinarrizko eskubidearen kontra egitea ilegala dela, nazioarteko betebehar guztien kontrakoa.

Nazioarteko lege-xedapenei jarraituaz, justizia espainiarra izan da, hain zuzen, munduko toki ezberdinetan egindako gizateriaren aurkako urraketak eta krimenak ikertu dituena, nahiz eta kasu guztietan frankismo garaietan baino askoz ere kopuru gutxiagokoak eta denboran gutxiago luzatuak izan. Aldiz, kanporako beraiek erabilitako doktrina argi honi traizioa eginaz, justizia espainiarrak frankismoaren krimenak ikertzeari uko egin dio, gaurdaino, argudio eutsiezinekin.

Horren ondorioa izan da biktimak bere eskubideak defendatzeko hartu duten nazioarteko bidea. Argentinan eraikitako frankismoaren aurkako Kereilak, eta baita Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak dituen hainbat erakundeen inpunitatearen aurkako erabakiek, oinarri sendoa ematen dio Egia, Justizia eta Erreparazioaren aldarriari. Baina ez da nahikoa: beharrezkoa zaigu frankismoaren inpunitatearekin hemen eta orain bukatzea. Eta horretarako, instituzio publikoek Justiziaren ekimenak bereak egin eta bultzatzea ezinbestekoa dela deritzogu.

Norabide horretan, Euskal Herriko hainbat udalbatzek izan duten jarrera baikorra aipatzekoa eta eskertzekoa da, udaletako talde politiko gehiengoen babesarekin Argentinan irekitako frankismoaren aurkako Kereilaren aldeko Mozioak onartu baitziren.

Guzti honegatik, Udal honek honako ebazpen hau onartzen du Osoko Batzarrean:

1. Udalak 1936 uztailaren 18ko altxamendua salatzen du, baita 1936ko gerra eta ondorengo erregimen frankista diktatoriala ere.

2. Udal honek diktadura frankistaren biktimak eta senitartekoak babesten jarraituko du, baita beraien memoria iraun arazten ere eta erregimen frankistaren oroimenezko inolako adierazpenik eta legitimaziorik izan ez dadin ziurtatuko du.

3. Udal honek Argentinako Buenos Aireseko Epaitegi Nazionaleko Kriminal eta Zentzategi Federalaren 1 aretoan kereila kriminal bat jartzea Epaitegi horrek irekita duen 4591/10 Auziaren barnean, gure Udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker ditzan, zein baldintzatan egin ziren zehaztuaz, nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak jakinaz, eta, kasuan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuaz.

Kereilari atal bat erantsiko zaio datu batzuk zehaztuaz: biktimen zerrenda nominala, adina, ogibidea, krimenaren datak, sufritutako delituak eta jasotako bere ondorioak.

4. Era berean, gure herriko edo eskualdeko Instrukziozko Epaitegian kereila kriminal bat jarriko du Udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker ditzan, zein baldintzatan egin ziren zehaztuaz, nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak jakinaz, eta, kasuan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuaz.

Baita ere, gure Udalerrian frankismoaren aurka kereilak edo salaketak jartzea nahi dituzten bizilagun biktima edo biktimen familiarteko guztiei aholkua eta laguntza materiala eta juridikoa eskainiko zaie.