Albisteak

 

EAJ-PNVek eta EH BILDUk adostutako mozioa

Azaroaren 25ean Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, udal honek bere herrialde konpromisoan eta, era berean, herritar guztien konpromiso politikoan sakontzen jarraitzeko asmoa berretsi nahi du, emakumezkoek indarkeria matxistatik libre eta aske bizi izateko eremu komun eta erkideak izan ditzaten, gizon eta emakumezkoen arteko benetako eskubide berdintasunean oinarritzen den elkarbizitza eredu libreak errealitate bihur daitezen eta egitura soziala parekidea izan dadin.

Hego Euskal Herrian indarkeria matxistak jarraitzen du. Eraso sexistak ugariak ari dia eta erailketak ere bai. Era berean, bortxaketak, erasoak eta erailketak ez ezik, zeharkako indarkeria matxistak eta eguneroko mikroindarkeriak ere ez dira amaitzen. Herritarrek hori guztia barneratzeko eta normaltzat hartzeko arriskua ere azaldu da.

Horrela, 2015ean berriro ere ugariak izan dira bortxaketa arriskuak, nesken eta emakumezkoen bizitzen gainean egiten diren kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak eta kulturalak), emakumezko askok jazarpena jasan behar izan dute egunean-egunean (irainak, bazterketak, gutxiespenak) eta bestelako erasoak ere pairatu dituzte (lan prekarizazioa, enplegu falta, zainketa zereginen isilpeko zama).

Belaunaldi gazteetan sexu desberdinen arteko botere erlazioak eta balio patriarkalak azaltzen jarraitzen dute, eta, aldi berean, gazte askok harreman desorekatuak eratzen dituzte, kideen kontrako indarkeria erabiliz.

Gizarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu, indarkeriari amaiera eman ahal izateko.
Eta zeregin horri, geure egin behar dugun konpromiso horri, gizartea osatzen dugun agente guztiok heldu behar diogu.
Gaitz lazgarri honen kontra borrokan egiteko bideak ere onartu eta horiei laguntza eskaini behar zaie.

Hori dela eta, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egun honetan, Euskal Herri parekide eta ekitatibo baten alde ditugun aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzunarazi behar ditugu, Euskal Herri hori eraiki ezean, ez baitzaigu posible izango, benetako demokrazia bat lortzea. Horregatik, hona hemen gure konpromisoak:

1. Larrabetzuk genero arrazoiengatiko bereizkeria eta diskriminazio guztien kontra lan egiten jarraitzeko konpromisoari eusten dio, bereziki haren adierazpiderik larriena den indarkeria matxistaren kontra.

2. Erakunde eta ordezkari bezela sentsibilizazio eta prebentzio zeregina betetzen eta biktimei laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.

3. Udalerriko eguneroko bizitzaren eremu guztietan eredu ez-sexistak sustatzeko, eta benetako eskubide berdintasuna bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Betiere fenomeno honen ezabaketa helburu.

4. Indarkeria matxistaren kontrako protokolo bat egiteko konpromisoa hartzen dugu, zeregin horri beharrezko baliabide ekonomikoak eskainiz beharrezkoa izango balitz.

Onartutako mozioa (PDF 104KB)