Albisteak

 

Andramariak, sanbartolomeak eta emeteriak bertan behera uzteko Intxurreta Jai Batzordearen erabakiaren harira, Larrabetzuko Udalak honako hau jakinarazi gura die Intxurreta Jai Batzordeari berari eta Larrabetzuko herritar guztiei:

1. Intxurreta Jai Batzorearen erabakia errespetatzen dugu eta, nahiz eta pena handia hartu dugun, errespetatu ez eze, bat egiten dugu Intxurreta Jai Batzordearekin, eta gure egiten dugu hartutako erabakia. Egun zailak dira eta bereziki eskertu gura diogu Intxurreta Jai Batzordeari bere lana, bere ardura eta bere konpromisoa; oraingoa eta betikoa.

2. Intxurreta Jai Batzordeari aurtengo jaiak antolatzeko emandako dirulaguntza (30.000 euro), hasteko eta behin, pandemiak gure herrian eta gure herritarrei eragindako kalteei aurre egiteko erabiliko dugu, esate baterako, gure herriko autonomoei emango diegun laguntza handitzeko.

3. Horretaz gainera, herriko kultur eragileekin batera beste era bateko kultur-ekitaldiak bultzatzen eta laguntzen jarraituko dugu. Horretarako, jaietarako gordeta zegoen dirutik 11.000 euro eta kultur ekitaldietarako gordeta dagoen dirutik 10.000 euro erabili ahal izango dira urtea amaitu orduko.

4. Intxurreta Jai Batzordearen komunikatuaren azken zatia gogora ekarri gura dugu: “gure jarduna ez da bertan behera geratuko eta indarrez ekingo diogu 2021eko jaiak antolatzeari!”. Bada, jakizue ez dugula horren dudarik batere.

Intxurreta Jai Batzordearen idatzia (PDF 175KB)

Udalaren idatzia (PDF 580KB)