Albisteak

 

Urte arraroa izanda ere, proposamen mamitsu bi dakartza Larrabetzuko Umeen Kontseiluak herriarentzat uda honetarako. Aurtengo LUK berezia izan dela esaten badugu ez da inor harrituko, noski. Fuerte hasi ginen urtarrilan... gero denok dakigun etendura gertatu zen, norabide berri bat bilatu genion eta orain bukaeran beste txinparta polit berri bat dator.
Konfinamenduan zehar bideo bilera bi ospatu genituen eta asko mintzatu ginen umeekin etxean egon behar izate horretaz... Bertan sortu zen maiatzatik iragartzen ari garen KONFINAMENDUKO ALTXORRAK ekimena.

Ikusiko zenituzten Malen Amenabarrek diseinatutako kartel polit horiek herriko paretatan: "Etxe asko sormen laborategi bihurtu dira egunotan. Larrabetzuko Udalak, Umeen Kontseiluarekin batera, etxe barruetan sortzen ari zareten lan berezi horiek jaso gura ditu, herriaren memoriarako altxor gisan. Ekarri zuen lanak eta udazkenean herri-erakusketa bat egingo dugu.

Izan ahal dira... ia edozer: marrazki, eskulan, lego eraikuntza, argazki, bideo, antzerki, abesti, ipuin, artikulu, bertso, sukaldaritza errezeta, edozelako esperimentuak... Gustoko duzuen hori.... edo oraindik asmatu ez duzuen hori!"
...Oraindik ere garaiz zabiltzate zuen altxorrak ekartzeko! Bidali konfinamendukoaltxorrak@gmail.com helbidera...

Bestetik, otsailean hasiak ginen zentzumenen gainean lanean, gure herria nola jasotzen dugun behatuz, umeen begiradaz gain umeen entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena ere jaso nahi baitugu Larrabetzurekiko. Hala, zentzumenak eta herriko leku ezberdinak elkar lotuz, istorioak jasotzen ari ginen, oroimen hurbiletik edaten, eta horrekin batera, noski, elkarri proposamenak egiten ere. Zentzumenen kontu honekin martxoan hainbat lan ildo jarri genituen LUKen mahai gainean.

Etendura ostean ekainaren 25ean berriro elkartu garelarik, proposamen horietako bat abiatu dugu: LARRABETZUKO ESPERIENTZIA SENTSORIALEN IBILBIDEA. Bakarka edo taldeka udan Larrabetzun gauzatzeko zenbait esperientzia sentsorialetarako iradokizunak dira. JARRI ZUEN ZENTZUMENAK DANTZAN!

Oso laster ikusiko duzue zertan datzan...

Hemen ikusi eta jaitsi ahal dituzue ekaineko azken bilera honetako argazkiak