Albisteak

 

Martxoak 10 dituela ospatu dugu Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren aurtengo hirugarren saioa. Zentzumenen gainean aurreko bileran hasitako bideari jarraipena emateko asmotan, bilera honen helburuak bakoitzaren mapa sentsorialaren informazioak partekatzen amaitzea eta Larrabetzuko mapa sentsorialaren garapen posibleak aztertzea ziren, herriarentzako proposamenak atereaz.

Aurreko egunean bakoitzak zentzumen bakoitzari lotutako Larrabetzuko leku bat pentsatu behar zuen. Mapa sentsorial horretako bizipen horiek partekatzen hasi ginen gero; usaimen eta ikusmenari buruzko lekuak eta historiak partekatu genituen hain zuzen, honako honetan beraz beste hirurekin egin dugu: dastamena, entzumena eta ukimena.
Dastamenari dagokionez, tabernatara joan zaigu arreta: Gaztelekuko hanburgesa eta patatak, Aretxabalako pizza, burrito eta natxoak, edo Gure Etxea eta Etorkiko pintxoak nabarmendu baitituzte Larrabetzuko ume hauek. Mitxilota denda ere gogoan izan du baten batek, hura berriro zabaltzeko aldarria nahiko zabala denez. Mitxilota ondoko harategian saltzen duten gazta goxoa ere aipatu du baten batek...

Entzumenari jarri diogu gero arreta osoa. Errebale inguruan adibidez batek futbol partidua dagoenean dauden soinuek sortzen diote arreta, beste bati txorien kantuek eta hirugarren bati eskolako zaratak, zeina oso fuertea izatea ez zaion bapez gustatzen. Eskolako txirrina zein desatsegina den ere nabarmendu du beste batek. Beste bati autobusaren soinua gustatzen zaio barruan doalarik, eta beste bati frontoian piloten soinuak eta haien oihartzunak. Elizako kanpaiek kapitulu berezi bat merezi dute herriko soinuen hontan, hainbati deigarri egin arren ez baitakigu zehazki zenbat gauza adierazteko erabiltzen ote diren...

Ukimenaz ari garela, badira lurra ukitzea gustoko dutenak (adibidez frontoikoa, suabea delako, edo eskolako parkekoa, biguna) edo zenbait tresnaren ukimena nabarmentzen dutenak (saskibaloiko baloia, eskupilotako pilota, raketa...), baita animaliak ukitzea gustoko dutenak (zakurrak edo Goikolexeako erreka inguruko zaldiak). Okindegiko ogi beroa ukitzea ere oso gustoko du beste batek...

Gero, binaka, hirunaka edo launaka jarrita, zentzumenen maparen kontu hau herriarentzat zergatik izan daitekeen interesgarri eta Larrabetzuko herritarrekin nola partekatu daitekeen pentsatzeko eskatu diegu. Saioa amaitzeko, komunean jarri dugu talde bakoitzean proposaturikoa. Zenbait lan ildo posible atera dira, haiek esandakoengatik, eta badugu datozen hilabeteetarako zereginik. Lan ildo posible horiek harbelean idatzi ditugu argi ikus ditzagun, horretan arituko baikara hemendik aurrera, espero dugu laster... Hurrengo batzarra apirilaren lehenean ospatzeko asmoa daukagu.
 
Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue bilera honetako argazkiak.