Albisteak

 

Gaurko egun batez, duela 82 urte, tankez beterik zegoen Larrabetzuko plaza. Aurreko egunean Gaztelumendiko mendilerroan ehunka gudari eta miliziano erahil ondoren, “ordena” ezartzera sartu ziren indar faxistak herrira, bortxaz. Aro ilun baten abiapuntua izan zen ordukoa, oroimenetik baztertu diren ondorengo gertakarien lehen katebegia. Izan ere, data zehatzik ez duten milaka orban dituzte oraindik larrabetzuarrek: depurazioak, erbestea, zigorra, kartzela, adoktrinamentua, eta, ororen gainetik, beldurra. Izuak ez du egutegian markarik uzten, egunerokoa baita haren zama.

Frankoren erregimenaren aurkako edozein pentsamendu plaza publikoan azaltzea nahikoa zen zigorrerako. Euskara ere atera zuten plazatik. Sarritan aipatzen da, hormek ere entzuten zutela frankismo garaietan, eta hobe zela ozenean ezer ez azaltzea; hots, isilik egotea. Beldurra izan zen erregimen berriaren armarik eraginkorrenetako bat, eta, inkontzienteki bada ere, hark hezitako belaunaldi guztiek jaso dute ikararen zantzu bat ala beste. Isilik gorde da ordukoa, eta ahotsa jartzea dagokigu orain. Zor hori dugu.

Oraindik ere ezezagun zaigun pasartea da 1936ko gerrakoa eta ondorengo urteetakoa. Guztioi dagokigu larrabetzuarren bizipen eta oroimenak jaso eta zabaltzea, iraganean gertatutakoak oraina ulertzen lagunduko digulakoan; eta, batez ere, errealitate justuagoa eraikitzeko. Larrabetzuko Udalak lan horretan dihardu, eta urrats gehiago egiteko konpromisoa du. Herritarrak ahalegin horretara batzera deitzen ditu.

Bandoa (PDF 90,3KB)

Adierazpen instituzionala (PDF 270KB)