Albisteak

 

Larrabetzuko udalak, Bakeleku Udalekua Bizkaia eta Zumaiako DARAHLI Elkarteak egindako eskaerari baietza eman dio.

Herriko frontoia, piszinak eta eskolak erabiliko dira proiektoan.

“Oporrak Bakean” programaren bidez, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren milaka eta milaka haur saharauik basamortu gordin hura utzi eta, beste edozein umeren antzera, bi hilabeteko “oporraldia” igarotzen du Euskal Herrian.

“Oporrak Bakean” programa haur saharauiengan hautemandako premiei erantzuteko sortu zen.

“Oporrak Bakean” programak bi helburu ditu:

1. 8 eta 12 urte bitarteko ahalik eta haur saharaui gehien ateratzea errefuxiatuen kanpamenduetatik. Horrela, Aljeriako basamortu gordin horretan udan izaten den bero jasanezinetik libratzen baititugu.

2. Saharako Herriak bizi duen gatazkaren berri ematea.

Horrela, Euskal kultura eta kultura saharauiaren arteko trukea egiten dugu, Kooperazioa indartzen da, eta Euskal erakundearen eta Saharauiaren artean berdinkidetasunezko tratua izaten da, biak ala biak ere estaturik gabeko Nazio diren aldetik.

Hau dela eta, programa hori oso garrantzitsua da haurrentzat, baina baita biztanle saharaui guztientzat ere.

“Bakeleku Udalekua Larrabetzu-Bizkaia" Proiektua

Gure udalekua Bizkaiko Larrabetzu herrian kokatuta dago, hain zuzen ere, Larrabetzuko  ikastetxe publikoan, Lehendakari Agirre kalean. Ikastetxeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ditu eta haientzat behar diren zerbitzu guztiak. 
Errefuxiatuen kanpamenduetako haurrek Bizkaia lehenengoz bisitatu zutenetik 28 urte igaro dira. Hasiera batean familietan eta azken sei urtetan kanpamentuetan ere.

“Bakeleku Udalekua Bizkaia” proiektua 2011n sortu zuten Saharako Herritarren bidezko borrokarekin solidarioak diren hainbat lagunek.

Proiektua bideragarria zen aztertzeko eta behar bezala gauzatzeko hainbat bilera elkarte ezberdinen artean egin ziren. Frente Polisarioa izan dugu lankide une oro, eta, ondorioz, erabaki guztiak haien oniritziarekin hartu dira.

“Bakeleku Udalekua Bizkaia” proiektua bi helbururekin sortua da; alde batetik, udan harrera-familiek duten garrantzia azpimarratzeko, eta bestetik, errefuxiatuen kanpamenduetatik ahalik eta haur gehien irten daitezen.

Urtetik urtera, udan haur saharauientzako harrera-familiak lortzea gero eta zailagoa denez, azken urte hauetan udalekua formula aurrera eraman dugu.

“Bakeleku Udalekua Bizkaia” proiektuak 10 eta 12 urte bitarteko 30 haur saharaui hartuko ditu, neskak eta mutilak.

Bertan ematen duten denboran, gure proiektuan parte hartzen duten haurrek honako laguntzaile talde hau izango dute: sukaldari bat, zortzi begirale boluntarioak (sei bertako gazte eta bi gazte saharaui) eta proiektuarekin bat egiten duten lankide solidarioen unean uneko laguntza.

Proiektua (PDF 789KB)

Memoria (PDF 906KB)