Albisteak

 

Larrabetzuko Umeen Kontseilu berria abian da, bai. Egin genituen zozketak eta badakigu nortzuk diren: Izaro, Amaiur, Kepa, Ane, Ekain, Martin, Enaitz, Kimetz, Andrea, Malen, Siena eta Enaitz. Larrabetzuko 12 ume hauek osatuta, umeen begirada Larrabetzuko herrigintzara ekartzea du helburu lantalde honek. 2019ko urtarrilaren 25ean ospatu du bere lehen bilera, hasi dira ume hauek euren herria hausnartzen, euren ikuspuntuak partekatzen... Eta ekaina bitartean hilean behin arituko dira elkarlanean.

Eskolatik Errebaleko egoitzara etorrita, aulkiak zirkuluan, bertan eseri gara guztiok. Elkar ezagutzea eta talde giroa sortzea helburu, zenbait dinamika eta solasaldi izan ditugu, nork bere burua (eta aldameneko laguna) taldeari aurkeztuz. Barre mordoa egin dugu eta konfidantzazko giroan burutu dugu lehen saio hau.

Joko Arauak azalduz, Umeen Kontseilua zertan datzan ere komentatu dugu: Alkateari aholku ematen dion eta herriarentzako lan egiten duen 9 eta 11 urte bitarteko pertsonen lantaldea da. Umeen Kontseiluan parte hartzen duten umeek euren iritzi, ikuspuntu eta desioak Alkatearekin partekatzen dituzte, eta erabakiak hartzen laguntzen diote, haren ikuspuntua aberastu eta haurren begiradatik ikas dezan bere udal ardurari dagokionean. Umeen Kontseiluak umeen pausura lan egiten du, umeen begirada gure herrian pausatuz, haien ikuspuntuekin gure ohiturak zalantzan jarriz, herria arakatuz: non egoten diren gustoren, nola erabiltzen duten herria, zer egitea maite duten non... herria eraikitzen, herria bere egiten.

Udaletxea ezagutzera abiatu gara gero, bertan hitzordua baikenuen Iñigo Gaztelu Alkatearekin. Berarekin batera hurbiltasun osoz komentatu dugu hainbat kontu, esate baterako iaz LUKi aholku eskatutako eskolako patioko estalkia eta skate parkaren obrak gelditu behar izan direla eraikuntza-enpresekin sortutako arazoak direla medio, eta ahal bezain laster ekingo zaiela, uda honetan seguraski. Jarraian Udaletxeko gela eta jarduera ezberdinak aurkeztu dizkigu bisita gidatuan: euskara teknikaria ezagutu dugu, harrerako mostradore barruan egon gara, goiko pisua arakatu, Alkatearen bulegoa okupatu dugu... Bertan paretan eskegita dagoen Larrabetzu mapa zahar bati begira auzoak eta izenak komentatzen aritu gara ere, gaztelania zaharrez idatzita baitaude.

Azkenik, Udaletxeko artxibategia ezagutu dugu. Herriko pertsona heldu gehienok inoiz bete izan ditugun inprimaki horiek gordetzen diren tokia: ehundaka ala milaka artxibadore, apalategietan antolatuta... Ba omen dago hori dena digitalizatzeko asmoa, baina lan eskerga da: lauzpabost urte har ditzakeena!

Hurrengo LUK bilera otsailaren 19an burutuko dugu. Alkatearen aholku eskaria bilera horretan etorriko zaiela aurrikusten da... Jakintsuen Lantaldea prest dago jada.

Lehen bilera honetako argazkiak ikus ditzakezue hemen.