Albisteak

 

Azaroko plenoan onartutako mozioa. Ehbilduren botoak alde eta eaj-pnvren abstentzioagaz.

MOZIOA:

Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da,  eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean aldarrikatzeko eguna. Horregatik, egun honetan erakunde publikook, borroka horretan dugun lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu.

Beraz, Larrabetzuko Udalaren EH Bilduko taldeak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Berdintasun Batzordean eta Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartzeko.

ZIOA:
Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, Larrabetzuko Udal honek, bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak,  indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, orden sozial injustua aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez.

Euskal Herrian ere indarkeria matxistak gora egiten  jarraitzen du. Urtea hasi denetik 8 emakume erail dituzte. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela.

Erailketa matxistek gero eta arreta mediatiko gehiago erakartzen duten heinean, jendarteak irmoki gaitzesten ditu. Gure ardurak, ordea, haratago joan behar du: indarkeria mota latz hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria matxistak, mezu eta adierazpen desberdinen bidez egindakoak guztiak, ikusarazi behar baititugu:  jendartean onarpen zabala dutenak eta normalizatuak mantentzen direnak, emakumeek egunero jasaten dituztenak, eta hala izan ez arren intentsitate baxu gisako identifikatzen direnak. Emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko erabiltzen diren umilazioen, tratu txarren edota irainen bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.

Aurten milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak aski dela ozen esateko. Milaka izan dira planto eginez emakumerik gabe mundua gelditu egiten dela bisibilizatu eta sistema judiziala patriarkala dela aldarrikatu dutenak.

Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitea, erakundeon ardura ere bada.

Denon erantzukizuna da, bakoitzaren eragin-eremutik, indarkeria matxistarekin amaitzea: erakunde publikoak, kultura-eragileak, hedabideak, lan-arloko eragileak eta eragile ekonomikoak. Baina pertsonek, familiek, adiskideek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere zuzeneko erantzukizuna dute.

Erakundeak, eskolak, aisialdi edo kirol guneak, etab. indarkeria matxista guztien kontra jarduteko eremu egokiak dira. Jendartea osatzen duten kolektibo eta arlo guztien artean burutu beharreko lana da.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

PROPOSAMENA:

  1. Larrabetzuko Udal honek Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegietako genero-unitateak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
  2. Larrabetzuko Udal honek herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.
  3. Larrabetzuko Udal honek, herriko kolektibo feministekin, emakume-taldeekin, gizarte zibilarekin eta norbanako herritarrekin elkarlanean, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
  4. Larrabetzuko Udal honek, herriko kolektibo feministekin, emakume-taldeekin, gizarte zibilarekin eta norbanako herritarrekin elkarlanean, nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.
  5. Larrabetzuko Udal honek, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eta aitortza banakakoa nahiz kolektiboa lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zine-forumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak, kasu)... jasoz.
  6. Erakunde honetatik, hau da, Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  7. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.