Albisteak

 

Irailaren lehen hamabostaldian indusketa arkeologikoak egingo dira Burdin Hesiaren aztarnetan. Gaztelumendin dagoen lubakia da, zehazki, garbitu eta lehengoratuko dena eta Aranzadi Zientzia Elkarteko sei aditu arituko dira lanean horretarako: bi arkeologo eta zulotze lanetan arituko diren lau tekniko. Aranzadiko kideek adierazi dute, lanek duten ezaugarri konplexuak direla eta (garbituko den eremuaren estutasuna eta aurkitu litekeen materialaren arriskua), elkarteko kideak arituko direla indusketak egiten eta lanak aurrera egin ahala auzolanerako deia egin daitekeen edo ez erabakiko da.

Gaur hasi dituzte indusketak eta datozen hamabost egunetan arituko dira lanean. Larrabetzuko Udalak finantzatuko du egitasmoa, Gogora memoria institutuari eskatutako diru laguntza jaso ondoren. Proiektuaren aurrekontua 15.730 eurokoa da. Proiektuaren barruan sartu dira txosten arkeologikoa eta Bizkaiko Aldundiarentzako txostena egitea.

Azken urteetan, hainbat jarduera egin dira Larrabetzuko memoria historikoa berreskuratzeko. 1936ko gerraren hainbat aztarna ditugu herrian zehar eta, pixkanaka bada ere, horiek guztiak babestu eta balorean jartzeko eginahaletan ari da Larrabetzuko Udala, udalerriko hainbat herritarrekin batera. Hortaz, Gaztelumendiko aztarnen garbiketa norabide horretan egiten den lehen urratsa da.

Bestalde, gogoratu, 1936ko gerrari eta gerra osteari buruzko informazioa eta lekukotzak jasotzen ari garela eta herritarren laguntza beharrezkoa zaigula ordukoak bizi izan zituztenen testigantzak jasotzeko.

Datozen egunetan informazio gehiago zabalduko dugu!