Albisteak

 

Umeen partaidetzarako erakundea da Umeen Kontseilua, herrigintzara umeen begirada ekarri nahi duena. Umeekin herrigintza lantzen da, herriari buruzko kontuak galdetzen zaizkie edo haiekin batera lantzen dira baina gainera aditu egiten zaie, kasu egiten zaie, eta hori da egiten duen ekarpenik handiena. Ez du esan nahi, noski, esaten duten guztiari men egin behar zaionik, baizik eta euren hitzak aintzat hartuak direla, eta diferenteak diren heinean hartzen duten balioa onartu eta eskertzen zaiela.

Aurten hirugarren bilera ospatu du LUKek apirilaren 12. Aurrekoan Andramarietarako egitaraurako proposamenak egiteari ekin genion... eta 77 proposamen eraman genizkien... ea gero jai-batzordekoek zer esango zaparrada horren aurrean! Proposamen batzuk aurrera atera dira, adibidez Altxorraren bila jokoa Emeterietan egingo da, edo Lekeitioko Deabruak antzerki kalejirak aurten ere errepikatuko du Larrabetzuko kaleetan zehar. Beste proposamen batzuk ohikoak dira jai egitarauan, eta badira ere lekurik izan ez dezaketenak, batez ere aurrekontua dela eta.

Proposatutako gai batzuekiko, ordea, interesa agertu bai baina garapen bat, gehiago antolatzea eskatu ziguten. Zehaztasun gehiagoren eskean etorri zaizkigu jai batzordetik 3 jardueren gainean, eta LUKek horiei eskaini die hirugarren bilera hau: Umeentzako pintxo lehiaketa, Lagunarteko futbol partidua eta Trebetasunak erakustea edo Larrabetzu Talent lehiaketa antolatzen jardun dugu.

Non, nola, noiz, arauak, nori zuzenduak... jarduera bakoitza ahalik eta gehien definitzea dugu erronka. Hiru mahairen inguruan, ume bakoitza interes handiagoa daukan gaian kokatu da. Mahai batean bi ume jezarri dira, beste batean hiru eta bestean sei. Bi hezitzaileak batzuei eta besteei laguntzen aritzen dira. Eztabaida mamitsuak suertatu dira talde bakoitzean, eta adostasunak bilatzen dira:

*Talentu txapelketan animaliek parte hartu dezakete ala ez? animaliek parte hartzea tratu txarra da? baldintza hori ipinita, animaliei parte hartzen utziko al diegu? Publikoak ezin du izorratu lehiakidea (eta alderantziz), ezin da palabrotarik esan... 5 minutuko erakustaldiak maximo. Kategoria bitan: 16 urterarte eta 17tik aurrera. Beharrizanak: eszenatokia, altabozak, fokoak, epaileentzako mahaia...

*Eta lagunarteko futbol partiduan arbitroa egon behar du? lehiaketarik ez badago, ez da beharrezkoa, gure artean moldatuko gara. Ezin da haserretu. Mistoa eta adina guztietako pertsonek parte har dezakete. Aldez aurretik Udaletxean apuntatu behar dira... Ez da taldeka apuntatu beharrik. Eta jende asko apuntatzen bada? ba taldeak egin eta batzuei agian itxoitea tokatuko zaie.

*Pintxo lehiaketarako janaria Udaletxeak ipiniko dau? Ez, hobeto bakoitzak bere etxetik ekartzea. Plazan izango da, 12:00etan. Eta taldeetan zenbat pertsona egongo dira? 5 eta 15 bitartean? Bai, ze guk igual gelako guztiek batera egin nahi dugu... Orduan mugarik gabe ipiniko dugu... Eta osagaiak adostuko ditugu ala libre? Epaimahaiak zer baloratuko dau? Itxura eta zaporea, batez ere zaporea. Epaimahaia tabernariek eta eskolako sukaldariek osatuko dabe. Eta Alkateak? ...Eta sariak?

Adostutakoak beste taldekideekin komunean ipintzen eman dugu bilerako azken tartea, eta hor ere eztabaida biziak piztu dira. Den dena apuntatu dugu jai batzordeari xehetasun guztiak helarazteko.

Ez zaigu denborarik geratu bilera honetarako aurrikusita genuen bigarren gaia lantzeko, beraz hurrengo egunerako uzten dugu. Maiatzaren bian izango da hori.

Hemen ikus ditzakezue bilera honetako argazki guztiak: https://flic.kr/s/aHsmhCJmLL

 
  • Foto 1