Albisteak

 

Azaroaren 25a, emakumeen kontrako mota guztietako indarkeria gaitzesteaz gain, indarkeria sortzen duten agente eta egitura guztiak gaitzesteko eta aski dela esateko eguna da. Eta egun horretan erakunde publikoek, borroka horretan dugun lehentasunezko agente-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu. Emakumea izateagatik soilik indarkeria jasateko aukera txikiena dagoen bitartean, ez dugu normalizazioa lortuko.

Horregatik, Larrabetzuko Udalak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta ondoren onartzeko.

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela eta, Larrabetzuko Udal Batza honek, emakumeek indarkeria matxistatik aske bizitzeko aukera izango duten guneak eraikitzeko, herrialde eta lurralde askeak lortzeko, emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eredu askeak errealitate bihurtzeko eta egitura sozial paritarioa lortzeko konpromiso politikoan sakontzen jarraitzeko asmoa duela berresten du.

Emakume asko, eta sarritan ahaztu egiten ditugun haien seme-alabak hil egin dituzte; sexu-indarkeria kasuek gora egin dute, batez ere udako herri-festetan eta aisialdirako guneetan. Ildo horretan, bereziki kezkatzen gaitu gazteengan gertatzen diren botere-erlazioak, askotan kontrola, gehiegikeria eta, zenbaitetan, indarkeria fisiko eta sexuala barne. Aldi berean, oihartzun txikia duten indarkeria adierazpenak daude; indarkeria sinbolikoaren kasua da, komunikabideen, publizitatearen edota musikaren bitartez sortzen dena, edota indarkeria ekonomikoaren kasua, soldata txikiagotan, lan-baldintza txarragotan eta abar islatzen dena.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berretsi egiten dugu badagoela lotura genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean.
Indarkeria matxistak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa da jarduketak plano guztietan planteatzea: prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa.

Herritarren bizitza kolektiboa kudeatzeko ardura duen erakunde orok bere agenda politikoaren eta jardun instituzionaletan indarkeria matxistarik gabeko herrialdeak eta lurraldeak eraikitzea izan behar du, baita gizarte igualitario baten defentsa ere, non emakumeek euren burua aske sentituko duten.

Feminismoak erakutsi digu errealitate hau aipatzeak ikusgai bihurtzen duela. Beharrezkoa da indarkeriaren arrazoietan sakontzea, emakumeen ekiteko ahalmenak onartuz, ahotsa eta protagonismoa eman haien erruduntasuna gaitzetsiz eta indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izan daitezen lagunduz.

Eta horretarako ezinbestekoa da gizartea osatzen dugun agente guztion artean, gizarte ereduaren egitura aldaketa bat egitea.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

1) Larrabetzuko Udal Batza honek, konpromisoa hartzen du agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko.

2) Larrabetzuko Udal Batza honek, izateko eta izendatzeko modua orekatzeko xedez, aurrerantzean “indarkeria matxista” adiera erabiliko du, adituek hori erabiltzen baitute modu normalizatuan.

3) Larrabetzuko Udal Batza honek, konpromisoa hartzen du udalean plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, habian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, kolektibo feministekin, emakume-taldeekin, gizarte zibilarekin eta norbanako herritarrekin elkarlanean, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jartzeko.

4) Larrabetzuko Udal Batza honek, konpromisoa hartzen du gizartearen aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herriko esparru desberdinetako eragileak inplikatu daitezen.

5) Larrabetzuko Udal Batza honek Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko.

6) Larrabetzuko Udal Batza honek hezkuntzako agenteei zuzeneko deia egiten die curriculum-lerroetan genero-berdintasuna sar dezaten.

7) Erakunde honetatik, hau da, Larrabetzu Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

8) Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horietan parte har dezan.