Albisteak

 

2018rako zerga ordenantzak aldarazoteko eta eguneratzeko proiektuaren prestaketea aldez aurreko kontsulta publikoaren pean iminten dogu.

Egutegia honakoa izango da:

  • Irailaren 26tik urriaren 6ra webgunean argitaratuko da 2018rako zerga ordenantzak aldatzeko aurreproiektua. Herritarrei entzunaldia emateko eta eretxiak batzeko. Horreek udaletxera ekarri ahalko dira erakundera etorriz, egoitza elektronikoa erabiliz edo udala@larrabetzu.eus helbidera e-mail bidez bialduz.
  • Urriaren 18ko Ogasun Batzordean testua aurkeztuko da haren ganean eztabaidatzeko.
  • Urriaren 25eko bilkuran 2018rako zerga ordenantza barriak onartuko dira.
  • Zemendian BAOn argitaratuko dira, jendaurrean egoteko.
  • Abenduan behin betiko onarpena argitaratuko da.

Sarrera:

Larrabetzuko Udalaren udal gobernuak 2018rako zerga ordenantza batzuk eguneratzeko asmoa dauka (tributuak, tasak eta prezio publikoak), eta horrek aldarazpenak ekarriko dauz, behar adina sarrera izango dirala ziurtatzeko eta, halan, erakundearen eskumenak bete ahal izateko. Tributuen helburu nagusia da beharrezko diru sarrerak lortzea, udalaren eskumenekoak diran gastuei eta zerbitzu publikoei eusteko. Horretarako, sistemea gidatu behar dauen printzipio bat dago, hau da, zergak ordaintzeko benetako gaitasun handiagoa daukanak gehiago ordaintzea. Larrabetzuko Udalak, erreferentziazko legeriak ahalbidetzen deutson neurrian, printzipio hori aplikatuko dau zuzenekoak diran zerga tributuetan, tributuok personen gaitasun ekonomikoaren zuzeneko edo berehalako agerbide bat zamatzen dabelako, berbarako ondasun baten jaubetzea edo errenta baten lorpena. Udal eremuan zuzeneko tributuak honakoak dira: ondasun higiezinen ganeko zergea, jarduera ekonomikoen ganeko zergea, trakzino mekanikozko ibilgailuen ganeko zergea eta uri lurren balioaren gehikuntzearen ganeko zergea.  Zentzu honetan, erreferentziazko legezko markoak ahalbidetzen deutson neurrian, Larrabetzuko Udalak zuzeneko tributuetan kenkari, hobari edo eransketen araubidea ezarriko dau, personen gaitasunari erreparatuz eta kasu bakotxean lortu gura dauzen printzipio eta helburuak kontuan hartuz. Era berean, zerbitzu publikoen ganeko zerga ordenantzak be eguneratuko dira.

Gaur egun, zerga ordenantzetan araututako diru sarrerak, batez be tributu eta tasak, Larrabetzuko Udalaren diru sarrera guztien %35 inguru dira. Sarrerak batez be Udal Finantzazinoaren Foru Funtsetik datoz (Udalkutxa), horixe da-eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako tresnea, udalek euren eskumenei jagokezan betebeharrei aurre egiteko behar beste finantza baliabide euki daiezan.  

Beste alde batetik, udal eskumeneko zerbitzu publikoen gastu eta kostuen zenbatekoa handitzen da ekoizpenari eta ezarpenari hainbat faktorek eragiten deutselako (lan kostuak, kostu materialak...); horreek urterik urte eguneratzen dira udalak ordaindu beharreko azken prezioa areagotuz. Hori dala eta, gure zerga ordenantzetan aldarazpen txikiak sartu behar dira, udalerrian sortutako gastuen ordainketea bermatzeko eta zerbitzu publikoen prestazio zuzena ziurtatzeko, halan sarreren eta gastuen kontuaren orekeari eustea lortuz.

Ganera, zergen arloko eztabaidan sartu beharra dago herritarrek Txorierriko herri desbardinetan jasaten daben zerga presinoaren ganeko gaia. Ez dauka zentzunik personak bizi diran udalerriaren arabera euro mordo gehiago ordaindu beharra kontzeptu eta zerbitzu bardinen truke. Oro har, gure udalerriko tributuak, tasak eta prezio publikoak gure inguruko udalerrietakoak baino dezente txikiagoak dira, eta, beharbada, komenigarria izan daiteke bardintzera jotea, zerbitzu publiko hobeak eta ugariagoak eskaintzeko oinarriak ezarriz.

Aurreproiektua ikusi (PDF 875KB)