Albisteak

 
Larrrabetzuarrek ez dute jada zertan piknik egiteko herritik irten, piknik "K"-rekin.

Pasa den Abuztuko hiletik, Gym Berdeak piknik gune bat prestatu du, eta bere mantenuaz ere arduratuko da aurrerantzean, BBKren bulegoaren aurrean dauden lorategietan. Helburua 15 eta 95 urte arteko gazteei lagunekin edo familiarekin jan, jolastu edo ondo pasatzeko berdegune bat eskaintzea da.

Modu honetan, eta manta isolatzaileen laguntzaz, lurrean jateko fobiari aurre egin ahal diogu. Erabaki hau osasunean espezializatutako ikerketak irakurri eta gero hartu dugu. Asturiar "festes de prau" eta frantziar "pique-nique" delakoa aztertu eta gero, familian lurrarekin kontaktu zuzenean egoteak endorfinak (plazeraren hormona) liberatu, familiartekoen harremanak hobetu eta, bai bakarkako, bai proiektu eta amets kolektiboak sortzea sustatzen dutela ondorioztatu dute ikerketa hauek. Guzti honek norberaren osasunean eta komunitateko bizitzan eragin zuzena du.

Horrela, Gym Berdea ekoloretzintza (naturatik hurbil dagoen lorezaintza), osasuna eta gune publikoen apainketaren arteko loturetan pauso bat harago joan da. Eta jakin badakigunez oraindik Larrabetzuko jende askok "berdez jantzitako pertsona hauek" nortzuk diren eta zer egiten duten ez dakitela, beste behin azalduko dugu: Gym Berdea kanpoan egiten den eta lorezaintza aktibitate nagusitzat duen gimnasioa da. Osasuna era integralean sustatu eta gure herria apaintzen dugu aldi berean. Britaniar Green Gymean oinarritutako proiektu honek, Euskal Herrian ez ezik, Europa osoan ere ez du bere gisakorik, dakigunez.

Azkenik, erromesen aterpetxeari eskerrak eman nahi dizkiogu Thomas Goodwin erromes, dantzari profesional eta britaniar Green Gymeko partaidearekin izandako elkarretaratze ederrarengatik. Bere eskutik gure Gym Berdearen "anaia nagusiaren" martxaren berri izan genuen zuzenean.

Piknikaren onurak probatzera gonbidatzen zaituztegu kotxearekin kilometroak eta kilometroak egin gabe. Egizu piknik hementxe berton, Larrabetzun.