Albisteak

 

Gerra zibila hasi eta hurrengo urtean faxistak gure herrian sartu zirela 80 urte igaro diren honetan, gertatutakoa gure artean bizi-bizi dago.

Bilboren defentsarako egindako Burdin Hesian euskaldunen defentsa sutsua izan zan eta gertaera honek Larrabetzuko historiagaz lotura estua dauka. Maiatzean Bizkargin hainbat burruka gogor izan ondoren, ekainaren 11 eta 13 bitartean tropa frankistak Gaztelumendiko sektorea apurtu eta Larrabetzun sartu ziran. Egun eta urte latzak gure herriarentzat. Legezko agintariak kendu eta ordez faxistak agintzen jarri ziran. Isilpea eta bildurra nagusitu ziran eta urte luzez herritarron eskubide zibilak eta gure kultura eta batez bere gure hízkuntza, euskerea, zapalduak izan ziren.

Gaur, salatu gura dogu bidebakokeria eta demokraziaren aurkako matxinada eta herriari eragindako sufrimendua.

Beste aldetik, esker ona adierazi gura deutsegu gure herriaren askatasunaren eta demokraziaren alde burrukan ibili zirenei: euskal gudarosteko gudariei, kanpotik laguntzera etorritakoei eta gerra eta bere ondorioak sufritu behar izan ebezan herritar guztiei.

Eskerrik asko, mila esker!

Konpromisoa hartzen dogu urte horreetan gertatutakoaren gainean ezarritako isiltasuna apurtzeko eta bere ezagutza zabaltzen laguntzeko.

Ahaleginak eta bi egingo doguz antzekorik barriro gertatu ez daiten.