Albisteak

 

DBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta prestazioa funtsezko elementua da pertsona ororen duintasuna eta erabakitzeko gaitasuna babesteko. Gabeziak dituen arren, Babeserako Euskal Esparruan mugarria den errenta hori politika publikoen helbururik nagusiena den jendartearen kohesioa indartzeko eta gero eta nabarmenagoak diren ezberdintasun sozialak leuntzeko tresna indartsua da, azken urte hauetan egin diren ikerketa guztiek frogatzen duten bezala. Beraz, horixe finkatzea eta sendotzea helburu kolektiboa dugu, ezbairik gabe.

Horretarako, lehentasuna pobrezia errealitate berriei erantzutea behar du. Pobrezia eta bazterketa sozialaren 2016ko inkestaren arabera, pobrezia errealean dauden 10 lagunetatik 7 bakarrik sartzen dira sisteman; horrek esan nahi du, %30 dagoela gaur egun sistematik kanpo. Pobrezia erreal egoeran dauden pertsonetatik %44ak ez du DSBE eskatzen eta pobrezia egoera larrian egonda ere, eskatzaileen %10,9ri ukatzen zaio prestazioa. Dena dela, DSBEren onuradunen ia %3ak pobrezia egoeran jarraitzen du DSBE jasota ere.

Haintzat hartu beharreko beste errealitate bat ondorengoa da: pobrezia gordinena kronifikatzeratze bidean dago EAEn. Pobrezia seme-alabak dituzten familiei eragiten die bereziki, eta ez bakarrik adintxikiko seme alabak dituzten etxeei. Pentsionisten %29a pobrezia egoeran bizi da eta azpimarratzekoa da baita soldatapeko langile pobreen fenomenoa, ‘working poor’ deitutakoa .

DSBEren kudeaketaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan arren, sistemaren gabeziak herritarrek pairatzen dituzte eta udalak administrazio gertuena izanik eta oinarrizko gizarte zerbitzuak babes sistemaren sarrera izanik, auzokideek bizi dituzten muturreko egoerei aurre egiteko beharrean ikusten dira.

Egun EAEko Legebiltzarrean DSBEren gaineko hausnarketa egiten ari da. Orain arte DSBEaren moldaketak murritzaileak izan badira ere oraingoan aukera daukagu bestelako norabidea hartzeko eta indarrean dagoen legedian hobekuntzak sartzeko.
Hori dela eta, EH Bildu udal-taldeak ondorengo mozioa aurkezten du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko:

  • Udal honek Eusko Legebiltzarrari eskatzen dio hausnartzen ari den DSBEren lege erreforman ziurtatu dezala gure herrian pobrezian dauden guztiak sisteman barneratuak izatea, eta duintasuneko bizi baldintzak berma diezaizkiela.
  • Udal honek Eusko Legebiltzarrari eskatzen dio DSBEren lege diru Sarrerak Bermatzeko Errenta prestazioaren eztabaida giza eskubideen bermean kokatzea, eta ez kontrol eta ustezko iruzurraren inguruan.