Albisteak

 

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak jakinarazi nahi dizu Bizkaiko Foru Aldundiak, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta Derioko, Erandioko, Larrabetzuko, Lezamako, Loiuko, Sondikako eta Zamudioko udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dutela gazteriarekin lotutako politika integrala ezartzeko, sustatzeko eta garatzeko ‘Gaztedi Bizkaia 2020’ proiektuaren barruan. Horretarako, ‘Gaztedi Txorierri’ programa abiaraziko da 2017-2019 aldirako.

Programa horren harira, gazteei begirako zenbait jarduera antolatuko dira, hala nola ‘Ezagutu Aukeratzeko’, ‘Bekak Txorierri’, konpetentziak lantzeko tailerrak, gazte ekintzaileei laguntzeko egitasmoak, ‘Ezagutu Kontratatzeko’ eta nazioarteko bekak.

Lan horren emaitza gisa, eta hain zuzen ere azken alor horrekin lotuta, Global Training Nazioarteko Beketan izena emateko epea zabaldu da uztailaren 14ra bitarte. Txorierriko enpresek beka horietan esku hartzen dute EGAZen bidez, eta, horregatik, parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu.

EGAZ Txorierrik 18 beka kudeatu ditu ingeniari industrialentzat, arkitektoentzat, ingeniari zibilentzat eta ingeniari komertzialentzat. Beka horiei esker, praktikak egin ahal izango dira Kolonbian, Frantzian, Erresuma Batuan, Polonian, Txilen eta Indian besteak beste, hainbat enpresaren bitartez, hala nola LKS Ingeniería, ITP, Pine Instalaciones y Montajes eta Uriarte Safibox. Praktiken programak zortzi hilabetekoak izango dira gutxienez, eta aldez aurretik nazioarteko gaiei buruzko 50 orduko ikastaro bat egin beharko da. Beka hilean 1.348 eurokoa izango da.

Global Training beketan parte har dezakete 2017ko urtarrilaren 1ean 30 urte baino gutxiago dituztenek, baldin eta: EAEn erroldatuta badaude gutxienez egun hori baino urtebete lehenagotik eta etenik gabe; ingelesa ondo badakite; eta unibertsitate-graduko edo goi-mailako prestakuntza-zikloko titulazioa badute.

Gainontzeko eskakizunak online kontsulta daitezke, bai EGAZ Txorierriren webgunean (txorierri.eu), bai programaren webgune ofizialean (becasglobaltraining.eus); azken webgune horretan egin beharko dira eskaerak. Aurkeztu beharreko beste agiri guztiak EGAZ Txorierrin jaso beharko dira.

Espero dugu informazio hau interesgarria izango zaizula. Anima zaitez parte hartzera!