Albisteak

 

Umeen Kontseilua Alkateari aholku ematen dion eta herriarentzako lan egiten duen 9 eta 12 urte bitarteko pertsonen lantaldea da. Ordezkaritzaren ardurarik gabe, Larrabetzuko hamabi ume hauek euren iritzi eta nahiak Alkatearekin partekatzen dituzte, Alkatea umeen begiradaz aberastu eta bere udal ardurei begira ikasi ahal izan dezan.

Alkateak "erabakiak hartu ahal eta hartu behar dituena" ordezkatzen du, umeek berriz "bestea, boteretik kanpokoa". Alkate batentzat umeei aditzea oso gimnasia demokratiko indartsua da, Guztien Alkate izaten laguntzen baitio.

Umeen lantaldea hilean behin elkartzen da, eta Alkatearekin noizbehinka: izan liteke honen eskari bat jasotzeko, galdera batzuk egin nahi dizkiotelako zein proposamenen bat aurkeztu nahi diotelako.
Apirilaren 3an LUK-Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren hirugarren bilera ospatu dugu, udaberriko lehena. Udaletxea hartu dugu umeek apirilaren 3an, iskanbila bizian, Pleno Aretoa okupatu eta Gobernu Talde berria osatu dugu. Ion, Oier, Garikoitz, Maddi, Naima, Irati, Asier, Zirats, Amaia, Aitzol, Lur eta Ismene udal politikarien aulkietan eseri eta herriko eta euren kontuez egin dute berba -ozen samar berba egin ere- Irati, Iratxe eta Peru hezitzaileak lagun zituztela.

Aurretik, testuinguru lan apur bat egin dugu, plazan bertan:
-Badakizue Alkatea nor den? -Bai, Iñigo. -Izadiren aita (beste batek)... (Hurbiltasuna nabaria da...)
-Eta zein da bere lana? -Hortik joan, hara joan... -Herria kontrolatu -Gauzak aukeratu...
Eta gero: -Zergatik da Alkate? Nolakoak dira hauteskundeak? Gustoko zenukete umeek hauteskundeetan parte hartzea? Nola? Ulertzen dituzue hauteskundeak? Eta Umeen Alderdi Politiko bat egongo balitz...?

Pleno Aretora sartuta, etxean bezala aritu dira, txikiak izanagatik ez zaie nabaritu halako zirrara berezirik edo lekuarekiko inolako beneraziorik. Zenbait proposamen lantzen aritu dira Alkatea iritsi aurretik. Batzuek argi dute behar beharrezkoa dela Zubitalden tirolina bat edota skate park bat jartzea. Gazte Gune bat sortzeko aldarria nahiko komuna izan dute, ludotekaren gainean adibidez, euren adinekoek non egon topatzen ez dutelakoan. Zine bat ere eskatu dute, antzoki txiki bat alegia, non era guztietako ikuskizunak ikusi eta garatu...

Alkatea etorri da gero, Iñigo, eta galdera mordoa izan dute berari egiteko. Zalantzak, kezkak, jakinminak. Luze berba egin dugu kotxeen lekuari buruz: aparkatuta daudenak zein martxan dabiltzanak, leku guztietatik baitauzkagu kotxeak aparkatuta; hitzegin dugu zinearen kontuaz eta Iñigo Alkateak kontatu digu garai batean egon zela zine bat herrian, bera ere ez dela gogoratzen, berrogei urtetik gora dela itxi zela, "Kukubiltxo baino apur bat beheratxoago zegoen", eta argazkian kokatu digu...

Eta hortxe, hasieratik harbelean idatzita begi bistan, solasaldi hauen partaide, galdera: aurtengo LUKi Udaletik luzatu zaion eskakizuna: Nola zabaldu partaidetza Larrabetzuko herritar guztiei? Nola bideratu ahal da udal-erabakietan udal taldea osatzen duten hamaika zinegotziek ezezik 2000 pertsonek parte hartu ahal izatea? ...Galdera potoloa da ordea, baita umeentzat ere!
Alkateak azaldu digu Udal Plenoak adibidez irekiak direla, iragarri egiten direla webgune eta karteletan, panel elektronikoan... eta inor gutxi bertaratzen dela.

Alde batetik planteatzen da parte hartzeko metodologia zein izan litekeen: galdeketa bidez, gutunak, email... Herri Batzar handiak plazan... (Foro Erromatarrei buruz hitzegin dugu).

Baina bestalde jendearen inplikazioa ere, edo inplikazio eza: Nola lortu herriko pertsonek parte hartzea interesik edo denborarik ez badute? ...Kontu publikoen kudeaketa beste batzuengan delegatuta ondo ikusten badute? Nahikoa ote da gutxi batzuengan ordezkatzea guztien aniztasunak aintzat hartuak izateko?...ala Nola... Zer?

Hemen  ikus (eta jaitsi) ditzakezue bilera honetako eta LUK bilera guztietako argazkiak.