Albisteak

 

Umeen Kontseilua partaidetza politikorako lantalde bat da. Partaidetza hitz polita da, aurrerakoia, itxaropentsua, politikan erabilgarritasun handikoa. Larrabetzuko Alkateak herritarren partaidetza sustatzeko moduak galdegin dizkio LUKi. Zer da ordea, partaidetza edo partehartzea? Horren kontrakoa guri dagozkigun erabakiak beste norbaiten esku uztea, alegia inposaketa edota ordezkaritza sistema: normalean hainbeste gauzatarako erabiltzen ditugun moduak ere... Zentzu batean erosoagoak, azkarragoak, garbiagoak... Partaidetza handiagoa nahi dugu ordea, gure bizitzaren jabe izan nahi dugu, eta herria guztiona.

Baina zer? Den dena erabaki nahi genuke? Gure herriko (edo gure bizitzan eragina duten) erabaki guztietan parte hartu nahi al genuke? Zein konpromiso mota da, zein lan ematen ditu parte hartzeak? Ez baita erraza ados jartzea, pertsona ezberdinak garelako (eta hala bedi!). Adostasunak lanak ematen ditu... Iritzia eman, erabakietan parte hartu... Halakoak LUKek martxoaren 2an hartu dituen lanak, hezitzaileak xaxatzaile, baina ez gidari.

Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren 2. bileran gaude: Denok zirkuluan jarrita, hainbat galdera ateratzen ditugu, bileraren zeregina umeen esku jarriz: "Taldearen ardura zein den eta bakoitzaren gogoak kontuan izanda, nahi duzuena egin dezakegu gaur, baina hamaika pertsona zarete eta denek ados jarri behar duzue..."

Eztabaidak luze jotzen du, eta umeek bozketara jotzen dute. Proposamen batek 7 bozka atera ditu eta beraz irabazi egin du... baina orduan zer gertatzen da horretan aritu nahi ez duten 4 horiekin? ...esan dugu denok ados jarri behar genuela... Orduan nola hartu guztien gustoko erabakiak? Azkenik bi jarduera ezberdin egitea adostu dute, bakoitzari hogeina minutu eskainiz. Horrela denak pozik? ...tira, den-denak ez, beti dago desadostasun (sano) puntu bat ere... Horiek nola bideratu hurrengo erronka! Jardunean jardun...

Halakotan dabil gure LUK, umeen begirada gure herrian pausatuz, haien ikuspuntuak gure ohiturak zalantzan jarriz, gure herria arakatzen ere: non egoten diren gustoren, nola erabiltzen duten herria, zer egitea maite duten non, opor osoak jolasten pasatzeko nolako herria nahi luketen... herria eraikitzen, herria bere egiten.