Albisteak

 

BANDOA:

Bizkaiko Foru Aldundiak, hirigintza batzordean,  Larrabetzuko HAPO onartu du. Orain Boletinera joango da eta zuzenketa txiki batzuk egin beharko dira.

Ibilbide luzea izan du gure herriko hirigintza-kontu guztiak arautuko dituen agiri garrantzitsu honek.

Plan honek duen berezitasun nagusia, HERRITARREN PARTE-HARTZE ZUZENA IZAN DA. Ados Consulting-ek lehen unean egindako galdeketa eta txostenetik hasita, txotx kafea edo Estudio K-k berak egindako tailerretatik pasatuz eta azken alegazioen fasera heldu arte, hainbat izan dira ekarpenak eta iradokizunak egin dituzten herritarrak, elkarteak zein erakundeak, eta guztiei adierazi nahi diegu gure esker ona.

Planaren  ezaugarri  garrantzitsuenak, besteak beste:

  • Lurzoruaren kontsumo murritza hartzen da irizpide nagusitzat. Lurzorua ez da ondasun amaitezina, eta ezin da edozelan xahutu.
  • Landa eremuaren eta lehen sektorearen garrantzia Larrabetzun.
  • Etxebizitza berrien kopurua erabakitzeko lau aukera egon dira eta baxuena hautatu da.
  • Etxebizitza berriak kalkulatzeko irizpideak lehenengo aldiz aplikatu dira hirigintza plan batean; izan ere, etxebizitza hutsak, etxabeak eta berrizta litezkeenak ere kontuan hartu dira kalkulu horiek egiteko unean.
  • Larrabetzuko etxebizitza hutsen ikerketa bat jasotzen du Planak. Aipatu behar da ikerketa hau EHUko arkitektura ikasleen eta herriko bolondresen arteko lankidetza baten ondorioa dela.
  • Mugikortasun Plana. Hasiera-hasieratik ikusi zen Hirigintza Kontseiluaren batzarretan Plan honek balio behar zuela larrabetzuarren bizimodua hobetzeko eta horren haritik dator Mugikortasun Plana HAPOn txertatzea. Azken hilabeteotan hasi gara bertan jasota dauden ekintza batzuk gauzatzen eta herriarentzako bere ondorio onuragarriak ikusten.

Dena den, ezin da Larrabetzuko HAPO berriari buruzko artikulu hau amaitu Hirigintza Kontseilua eta bertan lanean egon diren pertsonak aipatu gabe. 150 batzar baino gehiago burutu dira eta beti modu desinteresatuan, gure herriarentzat zer zen onena hausnartzeko topagune irekia bihurturik. Zeren batzarrak beti irekiak izan dira eta parte hartu gura izan duen edonor etorri ahal izan da batzarretara bere iritzia ematera. ESKERRIK ASKO DENOI

Larrabetzuko Alkatea.
Iñigo Gaztelu  @igaztelubilbao