Albisteak

 

Azaroaren 16an, ez okiko plenoan, onartuta aho batez.

Azaroaren 25ean ozenki aldarrikatu behar dugu emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzeko eguna da. Jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, esaterako ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizitateak eta masa-medioek emakumearen gorputzari ematen dioten erabilera; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, sare sozialen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Feminismoak egindako lanari esker, indarkeria matxista politizatu egin zen, eta horrenbestez, etxeko gai pribatu bat izatetik jendartearen eta politikaren arlora zabaldu zen. Hau da, argi dago indarkeria matxistaren jatorria ez dagoela gizon biolento batengan edo burua galdu duen gizon batengan, berdintasunik eta orekarik gabeko jendarte-harreman jakin batzuetan baizik.
Eta horren harira norbaitek esan lezake egun inoiz baino lege, zerbitzu, salaketa eta politika publiko gehiago dauzkagula eskura indarkeria matxistari aurre egiteko, eta hori egia da. Baina, indarkeria hori ez da inondik inora murrizten ari, eta indarrean jarraitzen du gure jendartearen eremu gehinetan.

Horregatik guztiagatik, esan dezakegu urte luzetako borrokari esker lortutako berdintasun formala ez dela nahikoa une honetan. Aurrera jarraitu behar dugu, mikro eta makroindarkeria guztiak identifikatuz eta indarkeria sortzen duten eragileak banan banan agerian utziz.

Horregatik, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egun honetan, hona hemen gure konpromisoak:

  1. Larrabetzuko Udaleko 2017ko aurrekontuetan, berdintasunak behar duen babes ekonomiko duin eta nahikoa izango duela bermatuko dugu.
  2. Era berean,  EAEko erakundeei eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu: berdintasun-zuzendaritzak sendotzeko, epaitegietako genero-unitateak indartzeko, indarrean dagoen  legeria berraztertua izan dadin konpromisoa hartzeko. Eta horretarako guztirako, aurrekontu-partida duinak eta nahikoak bermatzeko.
  3. Larrabezuko talde feminista eta gainontzeko herritarrekin elkarlanean, indarkeria matxistaren adierazpide guztiei aurre egiteko, beharrezkoak diren baliabideak jartzeko.
  4. Larrabetzuko Udaletik, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko bat eraikitzeko.
  5. Larrabetzuko Udalak bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin. Eta herri osoari dei egiten dio mobilizazioetan parte har dezan.