Albisteak

 

Ekainaren 29ko plenoan onartutako mozioa. EHBILDUk alde bozkatu zuen eta  EAJ-PNVk kontra.

MOZIOA: MANDELA ARAUAK

2015eko abenduaren 17an Presoak Tratatzeko Oinarrizko Arauak onetsi zituen, Nazio Batuetako Asanblada Orokorrak, izen sinboliko bat emanez: Mandela Arauak. Horrela, arautegi hau bultzatu duten Estatuek omenaldia egin nahi diote 27 urtez kartzelaratutako preso politikoari eta ostean Hegoafrikako Presidentea izan zen Nelson Mandelari, giza eskubideen alde, berdintasuna, demokrazia eta bakearen kulturaren aldeko bere ondarea goraipatuz.

Mandela Arauak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren printzipioak aintzat hartzen ditu eta kartzela politika ezartzeko orduan, presoen giza eskubideak babesteko norabidean, eragin eta balio handia dute. Azpimarratzekoa da Mandela Arauek, Tortura eta bestelako tratu edo zigor anker, gizagabe edo iraingarrien Hitzarmena hartzen dutela oinarritzat.

Izaera unibertsala eta indar inperatibo eta loteslea izatea helburua duten 122 arau hauek, ondoko oinarrizko printzipioa ezartzen dute: “preso guztiak, euren duintasuna eta gizaki bezala duten berezko balioagatik merezi duten tratamendua jasako dute”. Horren haritik, “kartzela erregimena bideratua dago kartzela bizitza eta askatasuneko bizitzaren arteko tartea minimora gutxitzera" adierazten du, horretarako kartzelako baldintzak duinak izan daitezen katalogo bat agertuz.

Mandela Arauek, besteak beste, presoek osasun tratamendu duin bat jasotzeko eskubidea eta familiarekin harremana mantentzeko eskubidea ere aldarrikatzen dute. Zehazki 59.garren arauak zera adierazten du: “posible den neurrian, presoak bere etxetik edo bergizarteratze lekutik gertu egongo dira”. NNBBen arau hauen 44garrenak agintzen duenez, isolamendua, “soilik salbuespeneko kasuetan ezarriko da, azken errekurtso gisa, ahalik eta denbora gutxienez eta errebisio independente baten menpe”.

Euskal presoen esperientzian ez da horrela suertatzen: isolamendua sistematikoa bihurtzen da, zigor ohiko eta arrunta da, aplikazio arbitrarioa duena. Isolamenduak presoarengan ondorio psikiko ikaragarriak sortzen ditu. Azken egun hauetan horren testigantza zuzena jasotzen ari gara: muturreko isolamendu kasuen zerrenda luzea ezagutzen dugu, Arantza Zulueta, Harriet Iragi, Juan Ramón Carasatorre, Aritz Arginzoniz, Juan Carlos Besance, Bittor Franco, Xabier García Gaztelu, Fernando García Jodrá, Sebas Lasa, Iker Lima, Angel López Anta, Aitzol Maurtua, Iker Olabarrieta, Patxi Ruiz, Nerea Bengoa, Irantzu Gallastegi, Gurutz Agirresarobe, Iker Arakama, Rufino Arriaga, Asier Arzallus, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Roberto Lebrero, Iñigo Vallejo… zerrenda luzea da. Beste aldetik, ezaguna da duela aste batzuk Fresneseko espetxean isolamenduagatik piztutako gatazka eta tentsioa, horren ondorioz gose greba bateko protesta eragin duena.

Nazio Batuek gonbidapen bat luzatzen dute: Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna, uztailak 18ro ospatzen dena, Presoen eskubideen aldeko Mandela Eguna izan dadin, gartzelaratze baldintza duinak bultzatzeko eta presoak ere gizartearen parte direla agerian uzteko.

Hori dela eta, Udal honek  ondokoa erabakitzen du:

  • Udal honek bat egiten du Nazio Batuek onetsitako Presoak Tratatzeko Oinarrizko Mandela Arauekin.
  • Udal honek, Euskal Presoei Mandela Arauak aplika dakizkien eskatzen du, besteak beste, gaixo dauden presoek tratu duin bat jasotzeko eskubidea eta familiarekin harremana mantentzeko eskubidearen haritik,  dispertsioarekin amaituz.
  • Udal honek, Mandela Arauak oinarritzat harturik, zigor ohiko eta arrunt bezala, muturreko  isolamenduaren erabilera sistematikoa arbuiatzen du. Isolamenduak presoarengan ondorio psikiko ikaragarriak sortzen dituela kontuta izanik, egoera hau pairatzen duten presoekin elkartasuna adierazten du udal honek.
  • Nazio Batuen gomendioa jarraituz, , uztailaren 18a Presoen eskubideen aldeko Mandela Eguna ospakizuna aintzat hartzen dugu, kartzelaratze baldintza arbitrarioen kontra agertuz eta presoak gizartearen parte ere badirela aldarrikatuz.