Albisteak

 

EHBILDUk alde bozkatu dau. 6 boto. EAJ-PNVek kontra bozkatu dau.

12 urtean preso egon ostean, Jose Miguel Etxeandia larrabetzuarra kalean da 2015eko amaieraz geroztik.

Etxekoengandik, lagunengandik, larrabetzutik 400 kilometroa dagoen espetxe batean hiru urte eta erdiko zigorra bete ondoren kaleratu zuten duela zenbait aste Anabel Prieto gure herrikidea.

Bai Jose Miguel Etxeandiak bai Anabel Prietok, sakabanaketaren ondorioak pairatu dituzte. Ez hori bakarrik. Aspaldi diagnostikatu zioten gaixotasun larria sufritu arren, Jose Miguel Etxeandia espetxean mantendu zuten. Anabel Prieto ama izan eta gutxira kartzelaratu zuten. Harremanik ez galtzeko, semeak kartzelan eman zituen bere lehen hiru urteak. Orain gure artean dagoz, heuren bizitzak berregin guran, etorkizun hobe baten esperantzan, urte luzetan sakabanaketaren zigorra jasan behar izan duten senide eta lagunekin.

Pozik gagoz Jose Miguel eta Anabel larrabetzun ditugulako eta pozago egongo gara etxekoengandik, lagunengandik eta larrabetzutik 950 kilometrora dagoen Josu Ginea etxeratzen dugunean. Bide batez gogoratu gura dugu, sakabanaketarekin amaitzea eskatzeko eta senideei zein lagunei milaka kilometroko bidaiak errazteko sortu zen elkartasunezko Mirentxin gidariak elkarteko bolondresei beraien lana aitortzeko, datorren maiatzaren 7an Furgo martxa antolatu duela Larrabetzun aipatu elkarteak. Astero astero Josu Gineagaz egoteko 1900 kilometro egin behar ditugun larrabetzuarrok ondo dakigu  Mirentxineko gidarien elkartasunezko laguntzak zenbat balio duen. Doakiela gure eskerrik bihotzekoena. 

Espainiako zein Frantziako estatuek euskal preso politikoak zigortzeko lege bereziak asmatu eta betearazten dituzte, beren beregi sortutako lege horiek beraien kode penalaren eta Europar Batasunaren arauen aurkakoak badira esaterako.

Estatu Espainolak uko egiten dio Europar Batasuneko herrialde batean baino gehiagotan betetako zigorrak batu behar direla dioen arauari. Ondorioz, hamarnaka euskal preso politikori, tartean Josu Ginea larrabetzuarrari, atzeratu egin diote kaleratzea, luzatu egin diote zigorra. Izan ere, Josuk 8 urte zigorra osorik bete zuen Frantziako kartzeletan. Ondoren Espainiaren esku utzi zuten eta ordutik 5 urtetik gora daroatza preso. 12 urteko zigorra ezarri zioten bertan eta Estatu Espainolak Europar Batasuneko araua betetzeari uko egiten dionez, atzeratu egin diote kaleratzea.

Horregatik guztiagatik, Larrabetzuko udalari honakoa eskatu gura diogu:

  • Eska diezaiela Espainiako zein Frantziako estatuei sakabanaketarekin amaitzeko.
  • Luzatu diezaiola Josu Ginea preso dagoen Almeriako kartzelako zuzendaritzari batzartzeko proposamena. Batzar horretan eman diezaiola udalak adostutakoaren berri, eska diezaiola kartzela legeak betetzearen aldeko jarrera baita Josugaz egoteko bisita ere.
  • Bidal diezaiela mozio honen berri Espainiako eta Frantziako estatuei.
  • Zabal dezala herrian bando bidez mozio honen berri eta bide batez, deia luza diezaiela larrabetzuarrei salatu dezaten Josu Ginearen kontrako ilegalitatea.