Albisteak

 

EUSKO JAURLARITZATIK BIALDUTAKO KOMUNIKATUA:

Historiaren eta memoriaren arloko elkarteek, udal batzuek eta erakunde zenbaitek urteak daramatzate lanean 1936ko gerrari loturiko eremuak eta ibilbideak berreskuratzeko. Lan horiek modu irregularrean egin dira, koordinaziorik gabe ere batzuetan. Gogorako Zuzendaritza Kontseiluak onartutako proiektuetarik bat, hain justu, memoria-eremuak eta -ibilbideak interpretatzeko hiru proiektu pilotu abian jartzea da, memoriari, giza eskubideen balioari, askatasunari eta printzipio demokratikoei buruzko tresna pedagogikoak izan daitezen. Hala, aurrerantzean egingo den lana orain arte egindakoan oinarritzea da asmoa.
Gogorako Zuzendaritzak onartu duen beste proiektuetako bat da Duintasunaren Kolunbarioak sortzea; identifikatu ezin izan diren pertsona desagertuen gorpuzkiak gordetzeko eremuak sortzea. Horietan, familiek hala nahi izanez gero, 1936ko gerran hildako identifikatuen gorpuzkiak ere gorde ahal izango dira.

Hobeto koordinatzeko, proiektuak partekatzeko eta adostasun handiena lortzeko helburuarekin, Gogorak hainbat bilera egin ditu erakunde historikoekin, honako xede hauekin:

  • Lehentasunak alderatzea eta partekatzea, memoriaren ibilbideak eta guneak interpretatzeko proiektu pilotuekin lotuta.
  • Elgoibarko Udalaren proposamena aztertzea eta partekatzea; hau da, udalerri horretan kolunbario bat ipintzea eta etorkizunerako beste kokaleku batzuk ere pentsatzea.

Hala, 2016ko martxoan eta apirilean hainbat bilera egin ostean, honako jarduera hauek adostu dituzte:
- Memoriaren ibilbideak interpretatzeko honako proiektu hauek abiaraztea, 1936ko gerrarekin loturik, lehendabizikotik hasita:

  • Gipuzkoa eta Bizkaia arteko frontea, San Migueletik hasi (Elgoibar), Elgeta, Intxorta, Arrate (Eibar) eta Markina-Xemeineraino.
  • Burdinazko gerrikoa.
  • Legutio-Albertia.
  • Andatza-Buruntza-Murumendikoak.
  • Aiako Harriak.
  • Matxitxako.

- Elgoibarren ipiniko dute kolunbarioaren hasierako proiektua berregokitzea, goian aipatutako lehendabiziko memoriaren ibilbidean txertatuta.

- Etorkizunean kolunbario gehiago eraikitzea. Honako toki hauek planteatu dituzte kokagune posible bezala: Larrabetzu, Artxanda, Urduña, Albertia eta Aritxulegi.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 14an

Gogora Institutuarekin batera hurrengo erakunde historikoek sinatzen dute akordioa:

  • CNT
  • EAJ-PNV
  • ELA
  • Fundación Eusko Lurra
  • Manu Robles Arangiz Institutua
  • PC-EPK
  • PSE-EE
  • Fundación Ramón Rubial
  • Fundación Sabino Arana