Albisteak

 

LANAK EGIN, ZORU PUBLIKOA ERABILI, BAIMENAK ESKATU ETA ABARREN INGURUAN ZENBAIT HERRITARREK DITUZTEN ZALANTZAK DIRELA ETA, UDALAK HONAKOA JAKINARAZI NAHI DU:

Larrabetzuko Udalerriak badu udal planeamendu bat, oinarrizko ideia eta helburu batzuk dituena. Planeamendu honek, aplikazio zuzena duten beste zenbait lege-araurekin batera, lanak egitea edo zorua erabiltzea zuzentzen duen araudia osatzen du. Horregatik, hirigintza-lizentzia eskatzea derrigorrezkoa da, hirugarren bati kalterik egin gabe, hirigintza tresnek zoru-mota bakoitzean (hiri-zorua, nekazal zorua…) baimentzen dituzten lanak edo zoru-erabilerak aurrera eraman ahal izateko.

Eraikitzeko eta zorua eta azpizorua erabiltzeko ekintza orok lizentzia behar dute. Adibide gisa, ondokoak aipatuko ditugu: partzelazioak, bereizketak; instalazioak eraiki edo ezartzeko lanak; behin-behineko lanak eta erabilerak; eraikinak eraistea; eraikinen erabilerak aldatzea; lur-mugimenduak; finkak ixtea, hesiak, harresiak, publizitate-kartelak; zuhaitzak moztea…

Derrigorrezko baldintza hau ez betetzeak hirigintza-legedian aurreikusita dauden honako ondorioak izango ditu:

  1. Lizentzia bako edo lizentzia errespetatzen ez duten lanak.
    Lanak geldiaraziko dira. Eteteko zigorra ez betetzeak isunak ekarriko ditu. Interesatuari lanak legeztatzeko eskaera egiteko eskatuko zaio. Lanak ez-legeztagarritzat hartzen badira, ezarri ahal izango diren zigorrez gain, eta arau-hausleak ordainduta, eraisteko eta lurzorua aurreko egoerara bueltatzeko aginduko zaio, lan berriak direnean; dagokionean, bere erabilerari behin betiko amaiera emateko; katalogatutako eraikinen kasuan, eraitsi ezin zena berreraikitzeko.
  2. Lizentzia bako edo lizentzia errespetatzen ez duten lan amaituak. Jokaera bera, suspentsioari buruzkoa kenduta.
  3. Lizentzia bako edo lizentzia errespetatzen ez duten beste ekintza batzuk (lurrak mugitzea…). Aurrekoekin parekatuko dira.

Aurreko ekintzak, baita legeztagarriak ere, hirigintzako arauen haustetzat hartuko dira eta, beraz, zigor bat ekarriko dute bere larritasun-mailaren arabera (oso larriak, larriak, arinak).