Albisteak

 

Larrabetzuarrok gure herriko Bake Epaitegiko langileak Lezamako epaitegiko langile ere badirela kontuan hartuta, Lezamako emakume batek jasandako gutxiespen eta mespretxu tratua salatu nahi dugu.

Emakume horrek alaba Bake Epaitegian inskribatu nahi izan zuen amaren abizenarekin soilik, baina Bake Epaitegiko funtzionarioak oztopoak jarri zizkion, argudiatuta ume guztiek behar dutela aita bat eta, beraz, aitaren abizena behar zuela umeak.

Epaileak horrela jokatuta, Lezamako emakume honi bere bizimoduaren hautuaren gaineko zalantza iraingarria, errespetu falta eta mespretxua biziarazi zizkioten. Zoritxarrez, epaitegiko funtzionariek pertsona honi eragindako haserrea, egonezina eta sufrimendua ezin dira konpondu, bai, ordea, funtzionario hauen jokabidea etorkizunari begira.

Horrelako gertakarien salaketa egitea garrantzitsua da, herriko emakumeen errealitatea eta egunerokotasuna ezagutu ahal izateko, baina ez da erraza norbanakoarentzat horrelako gertakariei aurre egitea, eta, horregatik, hauxe eskatzen diogu Udalari:

  1. Emakumeen aurkako tratu baztertzaile edo iraingarrien salaketa erraztea eta babesa ematea.
  2. Gaurkoan salatzen dugun gertakariaren aurrean Udalaren salaketa esplizitua eskatzen dugu eta dagokion eskumen mailan neurriak hartzea, horrelakorik errepikatu ez dadin. Horretarako, bitartekoak eta baliabideak ipini behar dira, emakumeei harrera egokia eman ahal izateko arlo guztietan.
  3. Bilboko epaile dekanoari jakinaraztea, Udal honek herritar orori kalitatezko zerbitzua eskaini behar diola.
  4. Bilboko epaile dekanoari jakinaraztea, Udal honek ez dituela onartzen herritarrak iraindu  edo mespretxatuko dituen traturik.
  5. Bilboko epaile dekanoari jakinaraztea, Larrabetzuko herritarrok merezi dugun harrera izan behar dugula. Hau da,  Udal honek ez du onartuko, jatorri, erlijio, sexu, arraza, aukera sexuala edo edozein arrazoigatik inor diskriminatua izatea.
  6. Azkenik, Biboko epaile dekanoari zera esakatzen diogu:

Larrabetzuko Udalean aipatutako baldintzak betetzen direla bermatzea. Horretarako, bere kargu dituen langileek baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko du. Horrela ez bada, behar diren aldaketak egin eta neurriak hartu beharko ditu zerbitzu duin eta kalitatezkoa emateko.