Albisteak

 

EH BILDUREN 6 BOTOAK ALDE PNVREN 5 BOTO KONTRA

Mozioa:

Irailaren 14an egindako Txorierriko Mankomunitateko Bilkuran, EAJ-PNVren gehiengoarekin, hasi berri den 2011-2015 legegintzaldiko erakunde horren Tokiko Gobernu Batzordea onartu zen.

Orain arte Mankomunitateak gerentea izan du. EHBilduk beti eskatu du figura hori desagertzea, inoiz ez delako argi egon zein izan den bere funtzioa eta kargua aukeratzeko moduan izandako zilegitasun falta nabarmenagatik, ez baita izan lanpostua betetzeko deialdi publikorik.

Oraingoan, ordea, legeak gastuaren optimizaziorako bidean hartutako erabakia medio, figura hori desagertu egin da.

Baina kargu hau desagertu arren, Txorierriko EAJ-PNV-ren asmoek bere horretan jarraitzen dute, figura hori beste izen batekin mantenduz. Bizi dugun egoera ekonomiko larri honetan, gastuen jaitsieraren gainetik interes pertsonalak lehenetsi ditu, eta erakundeko organigrama osatuko duten karguen artean 1. Mankomunitateburuordea izango den pertsonak, aurreko legegintzaldian ez bezala, 57.000 €ko soldata izango du (gainontzeko karguak Txorierriko herrietako EAJ-PNVko alkate liberatuak dira).

Erabaki hau ulertezinagoa da gainera, kontuan hartzen bada, Txorierriko Mankomunitateko Tokiko Gobernu Batzarra osatzen duten herrietako alkate eta zinegotziak bi astean behin elkartzen direla beharrezko erabaki guztiak hartzeko. 1. Mankomunitateburuordearen liberazio honek, Mankomunitateak dituen funtzioak ere zalantzan jartzen ditu, ez baitago soldata hori justifikatzerik.

HAU DELA ETA, ZERA ESKATZEN DUGU:

  • Larrabetzuko Udalak Txorierriko Mankomunitateko 1. Mankomunitateburuordeari 57.000 €ko soldata jartzeko hartutako erabakia bertan bera uztea.
  • Larrabetzuko herritarrak erabaki honen berri izatea. 

 Mozioa ikusi (PDF 52KB)