Albisteak

Koronabirusak ondorio-zerrenda luzea ekarri du hainbat eremutan, eta horien artean bat, nabari-nabaria, eragin ekonomikoa. Bada, ezohiko egoera honen aurrean, Larrabetzuko Udalak tasak eta zergak izoztea onartu zuen urriaren 28ko osoko bilkuran gobernu taldearen botoekin.

Gobernu-taldeak egin zuen proposamena osoko-bilkuran,  Larrabetzuko herriaren, bertoko familien eta enpresa txikien egoera ekonomikoa arintzeko, bai eta egoera gaitz honetan ostalaritzako edo merkataritzako establezimenduak dituzten pertsonen egoera arindu guran ere.

Proposamen horrekin, arestian esan bezala, Udalak auzotarren egoera arintzeko ahalegina egingo du; izan ere, datorren urtean nabarmen murriztuko bait udal-kutxek jasoko dituzten diru-sarrerak, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, hain zuzen ere.

Bestalde, osoko bilkura horretan, gobernu-taldearen ekimenez, hainbat ordenantza berri onartu ziren. Hala nola: lehen sektorerako diru-laguntza berriak, udalerriko gazteei etxebizitzak alokatzeko laguntza ekonomikoak, tximiniak garbitzeko eta mantentzeko laguntza ekonomikoak. Horietaz gain, hilerria, gazte-lokalak eta autokarabanen parkinga arautzeko ordenantzak ere onartu ziren.