Noticias

 

Zarama ala altxorra?

Badakigu hondakinena lehentasuneko gaia dela, ez munduko agendan bakarrik, baizik bereziki Larrabetzukoan. Izan ere, jakina da gure herrian erabiltzen dugun konpostaketarako modua eredugarri dela inguruko eta ez hain inguruko hainbat herrirentzat, eta gaika sailkatzen ditugun hondakinen kopurua inguruko herriena baino handiagoa dela. Hobetzeko asko dugu oraindik hala ere, datuek zera esaten baitigute: etxeko hondakinen %80a baino gehiago berreskuragarria den arren, Larrabetzun gaika batzen dena %32a baino ez dela.

LARRABETZU 2025 udal partehartze kanpainan ere landutako gai estrategikoa izan zen iaz, eta bertan jasotako proposamenen harira egin nahi dio aurten Alkateak bere eskaria Larrabetzuko Umeen Kontseiluari.

Hori jakinda, martxoaren 14ko bileran gai honi ekin genion, eta gaia kokatzen hasteko gure herriko konpostaketa prozesua ikustera abiatu ginen lehenik eta behin. Birziklapen prozesua ezagutu eta pentsatzea helburu.

Hala, Bersoara oinez joan ginen gure etxeko hondakin organikoak konpostatzen diren lekuetako bat bisitatzera. Bertan, konpostatze prozesuko arduradunetako bat den Eduk azaldu zigun nola batzen eta prozesatzen diren Larrabetzuko hondakin organikoak, miloika mikroanimalitxoen laguntzarekin beti ere. Azaldu zigun nola buelta ematen zaion edukiontzietako konpostari, bere egitura nola aldatzen den denborak aurrera ahala, eta nolako tenperatura hartzen duen neurtu ahal izan genuen ere. Kanpoan tenperatura 14 gradukoa zen bitartean, konpost pilaren barnealdean 45 gradutakoa zen: tropikala! Usaina, aldiz, oso fuertea ez zen arren, batzuei higuingarria gertatu zitzaien...

Bidean, bost edukiontzidun gune baten aurrean geratu ginen badaezpadan apur bat komentatzera, umeek buruz dakizkiten kontuak:
  • Konposta -marroia
  • Plastikoa -horia
  • Papera -urdina
  • Beira -berdea
  • Errefuxa -grisa

Gure gelara bueltan, zirkuluan jezarri eta zenbait gairi heldu genien, gogoeta egiteko baliagarri, hala nola: Zer da hondakina? (balio ez duena, kaka, karbono dioxidoa, azalak, kristalak, plastikoak...) ala... Zein izango zen hondakinen inguruko katastroferik handiena? (Planeta osoa bertedero izatea, errekak plastikoz beteta egotea, kaleak kakaz beteta, zaborrak kalean, zigarro hondakinak, usain txarra...).
Hurrengo bilera apirilaren 8an ospatuko dugu eta gogoeta hauen eta beste berri batzuen gainean lanean jarriko gara... zerbait egiten... umeen begirada Larrabetzu herriko gaietara ekarriz...

Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue bilera honetako argazki guztiak.