Noticias

 
...hasi gara gaur Larrabetzuko Umeen Kontseiluan, herria gutxienez bost zentzumenen bidez jasotzen baitugu, eta bakoitzetik informazio desberdinak jasotzen. Ohikoan dena integratuta bizitzen garela, zer gertatzen da informazio bakoitza banatzen saiatzen bagara? Zuk zeuk, hau irakurtzen ari zaren horrek, gure herriko zein leku nabarmenduko zenuke zentzumen bakoitzari dagokionean? (eta ez dute balio etxe barruko kontuek, espazio publikoaz ari gara) Ze zapore dauka herriko plazak? Ze usain hartzen diozu kanposantuari? Lakatzak dira zure etxearen kaleko paretak? Gaztelumenditik dagoen ikusmira duzu gustokoena? Zu ere Eleixosteko zozoaren doinu delikatuei aditzen ibiltzen zara? Halako gauzak probatzen aritu gara gaur LUKen, halako istorioak jasotzen, oroimen hurbiletik edaten, umeen begiradaz gain umeen entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena ere jaso nahi baitugu Larrabetzurekiko.

Mapa bat, folio zuri bat, boligrafo bat... eta batez ere oroimenean daukagun informazio guztia, zentzumenetatik iragazi eta bertan gordetakoa, erabili dugu. Tarte luzea eman dugu bakoitzak bere bidaia pertsonalak egin ahal izateko. Partekatzera elkartu gara gero.

Usaimenarekin hasi gara, eta iaz Bersoako konposteratan egoteko aukera izan zuten gehienek usain sarkor hori gordetzen dute oroimenean betiko gordeta. Ogiaren usaina beste mitiko bat da, eta Sarrikolako ogia munduko hoberenea dela esan duenik ere izan dugu. Pintxoen usaina behin eta berriro aipatu da, herriko usain denetan horixe nabarmenduz... Baita taloen usaina plazan jai egunetan ere...

Ikusmenarekin sartuta, Bizkargi eta Txispamenditik dagoen herriko ikusmira goraipatu da, baita elizako eraikina kanpotik edota futbol zelaia, batez ere gabaz argiak pizten direnean horrek sortzen duen giroa; plaza ere bistarentzat oso atsegin dute, eguzkiak jotzen duenean, eta baita jaietan antzerkiak egiten direnean ere.

Entzumena, dastamena eta ukimena hurrengo bilerarako utzi behar izan ditugu. Bitartean, herria zentzumen bakoitzarekin jasotzen jarrai dezakegu edozein egunetan kaletik goazela...
Hurrengoa martxoaren 10ean ospatuko dugu. Hemen ikus eta jaitsi ditzakezue bilera honetako argazkiak: https://flic.kr/s/aHsmLqXJPh
 
  • Foto 1 (JPG, 250KB)
  • Foto 2 (JPG, 148KB)
  • Foto 3 (JPG, 163KB)
  • Foto 4 (JPG, 159KB)