Noticias

 

Abian da aurtengo Larrabetzuko Umeen Kontseilua, laugarrenez. Zozketa eta aurkezpenak eginda, urtarrilaren 23an ospatu genuen lehen bilera lantalde berriarekin: gure herriarentzako lan egitera hilean behin elkartzen den 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutil taldea. Alkatearen eskariz eratzen da Jakintsuen Kontseilu hau, ume begirada herrigintzan aintzat hartzeko xedearekin.

Zirkuluan jesarrita hasi genuen saioa, iaztik jarraitzen duten pertsonek aurten hasten direnei Kontseilua zertan datzan azalduz eta denon artean zalantzak argituz. Daniel, Ximun, Nerea, Malen, Asier, Assa, Siena, Malen, Kimetz, Aimar eta  Lander gustora aritu ziren solasean hasieratik, Patri eta Peru hezitzaileekin batera.

Talde-erronka txiki bat jarri genien orduan. 1etik 20ra kontatu behar zuten. Ba al dakizue hori egiten? Jakina baietz!! Batbihirulaubostseizazpizortzibederatzihamarhamaikahamabihamahiruhamalauhamabosthamaseihamazazpihemezortzihemeretzitahogei. Ba orain denen artean egingo dugu, txandaka esanez zenbaki bakoitza eta elkar zapaldu gabe. Bi pertsonek batera esanez gero, berriro batetik hasi behar. Hasi ginen eta behin eta berriro zapaldu... Hori jada ez da hain erreza! Talde bezala topatu zuten egiteko modua ordea, ez dira makalak!

Elkar ezagutzeko joko txiki bat egin genuen jarraian, bakoitzak lagunari zenbait gauza kontatu behar zizkiola. Hala jakin genuen batzuek zein besteek ez dutela oso gustoko brokolia, estudiatzea edota etxerako lanak egin behar izatea, baina bai dutela gustoko kalean lagunekin jolastea, zenbait kirol egitea, Larrabetzuko plaza edota munduan bidaiatzea. Jakin genuen ere hegan egitea, telekinesia, teletransportazioa eta ikusezin edo elastiko izatea bezalako superbotereak dituztela ume hauek, eta argi ibili, ze orohar oso kezkatuta baitaude Mitxilota denda zarratu dalako eta ez litzateke harritzekoa horren kontura ekintzaren bat egitea!

Udaletxera bisitaldia egitera joan ginen gero, Iñigo Gaztelu Alkatearen eskutik, bertan dauden gela eta pertsona ezberdinak ezagutzera. Nahiko formal ibili ginela esan behar da, katakunbatako artxibategiak ikustera jaitsi ginen arte eta korridoreetan zehar ilunetan korrika ibiltzera...

Pleno Aretoan jezarrita, bertan udaletxeko plenoak nola egiten diren azaldu zien Alkateak, eta umeek hainbat proposamen egin zizkioten. Skate parke inguruetan agertu diren margo ugariei buruz berba dexente egin zuten, ea gustoko ditugun edo ezabatu beharko ote liratekeen... Larrabetzuko mapek arreta handia deitu zien harreratik pasatzerakoan, eta bakoitzak bana eraman zuen etxera poz pozik.

Otsailaren 14an ospatuko dugu LUKen hurrengo bilera.

Hemen ikus eta jaitsi ditzakezue bilera honetako argazki guztiak: https://flic.kr/s/aHsmL2Xn1a