Noticias

 

Ekainaren 5eko bilerarekin amaitu da ikasturte honetako LUKaren jarduna. Larrabetzuko Umeen Kontseilua hasi zenetik hirugarren lantalde ezberdina izan dugu aurtengoa eta sei bilera ospatu ditugu urtarriletik hona. Hondakinei bueltaka aritu gara, hobeto kudeatzeko norberak egin dezakeenari buruzko hausnarketan. Herrirako kanpaina bat egitea eskatu zitzaien: LARRABETZUARREI NOLA ESKATU HONDAKIN GUTXIAGO SORTZEKO? Eta gai honen bueltan panel batzuk egitea herrian jartzeko. Publizitate kanpaina bat asmatzea, azken finean, eta horretarako hainbat hautu egiteko beharrean izan dira: Zein titulu jarri, zein mezu helarazi nahi dugu, zein materialekin, zelako irudiekin...?

Testuinguru eta gogoeta apur bat egin ostean eskulanetan aritu gara jotafuego... eta badira lau panel eder prest herrian zehar jartzeko. Azken saio honetara sartu bezain laster aurreko egunean hasitako lanei ekin diete Izaro, Amaiur, Kepa, Ane, Ekain, Martin, Enaitz, Kimetz, Andrea, Malen, Siena eta Enaitzek: diseinatzea, zaborra aukeratu eta pegatzea, eta batez ere margotzea. Lan eta lan aritu dira, eta hezitzaileok behar izan dutenetan laguntzen, materialak hurbilduz, kolarekin lagunduz... edo mutil nagusien taldean gertatzen ziren eztabaida eta gatazkatan bitartekari lanak eginez. Eskolarako ordua baino lehen amaitutzat jo dituzte kartelak eta plazara atera gara apur bat jolastera.

Ekainaren 15ean eskolako jaia eta igerilekuen irekiera egun garrantzitsu horretan kokatuko ditugu lau muralak gure herriko kaleetan. Ea kanpaina honek zein eragin daukan larrabetzuarren hondakinekiko jarreran. Ardura norberarena da, baina umeen eskaria argia da, haiek dira hezitzaile gai honetan.

Bilera honetako argazki guztiak hementxe ikusi eta jaitsi ditzakezue.