Noticias

 

Hondakinekin margotzen badugu, hondakinak dira?

Umeak ezberdinak dira helduongandik. Gauza askotan. Horregatik egiten da hain zuzen Umeen Kontseilua, ikuspuntu ezberdinak ekartzen dituztelako herriaren eraikuntzarako. Kasu honetan ez die Alkateak ikuspuntu bat eskatu gai baten inguruan, baizik haiek egitea herritarrentzat zuzendutako mezuak, kanpaina bat alegia. Hor begiradaren modulazioa dago, ez baita umeen begirada eskatzen ari zaiena, baizik umeen begirada hori helduei helaraztea horiengan eragin bat lortzeko. Ispilu joko horretan ume-begirada galduko ez ote den... hori gure kezka (ttikia).

Izan ere, helduoi zuzendutako kanpainak helduek pentsatutakoak izan ohi baitira, eta gure pentsakeraren katramilakerietan murgiltzen dira askotan mezurik eraginkorrenak, adimen helduaren bazterren batetan kilikili egingo digutelakoan. Umeek ez dute zertan halakorik pentsatu behar, akaso beren pentsakera bestelakoa da: irudi argi bat hartu eta margotzen jartzen dira. Hori egin dute. Nahiz guk agian bestelakorik espero. Helduen espektatibak.

Hondakinak ekarri ditugu maiatzako LUK saiora. (Zer da hondakina? erabili ez eta bota egiten dugun hura, ulertzen da.) Gelaren erdian ipini ditugu, eta erabilpen ezberdinak eman dizkiegu. Adierazle dira hondakin hauek. Erabili egiten ditugu, deshondakinduta daude beraz, honez gero.

Aurtengo LUKen azken aurreko bilera izan da hau, eta hasitako lanak amaitu egin behar direla sentitzen dute umeek. Horregatik aritu dira burubelarri lanean eskatutako gaiaren gainean:

Nola lortu larrabetzuarrek hondakinen kudeaketa hobeagoa egitea?

Margotzea gustatzen zaie, tenpera margoekin sartu dira gehienak, eskuekin egiten gustora ari dira, kontzeptu eta hitzekin pentsatzen baino gustorago... Beste batzuk, aldiz, plazara atera dira argazki batzuk ateratzera... Nolako kanpaina egingo ote dute? Ikasturte honetako azken bilera ekainaren 5ean ospatuko dugu.

Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue bilera honetako argazki guztiak

https://www.flickr.com/photos/148125715%40N03/