Noticias

 

Apirilaren 8ko LUK bilerari dagokion albiste hau idazteko arazo bat daukagu.

Izan ere Alkateak Larrabetzuko Umeen Kontseiluari aurtengo eskaria egin dio eta kanpaina bat egitea da, Hondakinak Murrizteko Kanpaina bat hain zuzen ere. Eta zein da arazoa? ba, zera, publizitate kanpainak sekretuan mamitzen direla beti, ateratzen diren egunean haien inpaktua handiagoa izan dadin. Hori horrela izanik, ez dirudi oso zentzuzkoa kanpaina horren garatze prozesu osoa hemen kontatzea... baina zer kontatuko dugu orduan hemendik ekainera bitarteko albiste hauetan!!?

Aurreko LUK egunean esan genuen: Zein izango zen hondakinen inguruko katastroferik handiena? Eta aipatu ziren planeta osoa zabortegi handi bat izatea, errekak plastikoz beteta egotea, kaleak kakaz beteta, zaborrak kalean, zigarro hondakinak, usain txarra...

Bilera hau hasteko ...KONTRAKO KANPAINA PENTSATU genuen! Hau da, hondakinen kudeaketa kaltegarrienaren aldeko kanpaina bat diseinatzea eskatu genien ume lantaldeari. Eta kosta egin zitzaien! Espero baino zailago gertatu zitzaien kontrako norabidean gidatzea umeei: "Da imposible arrazoitzea mundua zabortegi bihurtu nahi dugula!" kexatzen ziren:

-Ez dago arrazoirik gauzak lurrera botatzeko...
-Jendeak botatzen ditu ba!
-Porque dira oso vagos!

Beste batek:

-Kubora zaborra bota beharrean pertsona bota.
Saiatzen ziren:
-Pertsona bat zaborra leihotik botatzen, eta eslogana "Nik egunero egiten dut".
-Jendeak egitea kaka lurrean eta joatea.

Halakoak...

Ariketa horren ostean, aurtengo Alkatearen eskaria kontatu genien: HERRIRAKO KANPAINA BAT EGIN BEHAR DUZUE: Etxeko hondakinen %80a baino gehiago berreskuragarria da. Larrabetzun gaika batzen dena %32a baino ez da. LARRABETZUARREI NOLA ESKATU HONDAKIN GUTXIAGO SORTZEKO?

Orduan ideiak botatzen hasi ziren, eta gu harbelean oharrak hartzen, denen artean piskanaka kanpainari forma emanez... Nola demontre helarazi mezu garrantzitsu hau larrabetzuar denei? Zergatik ez ote dute herritar guztiek hondakinen kudeaketa egokian parte hartzen?

Hurrengo bilera maiatzaren 14an ospatuko dugu, sekretupean noski ;-)

Bilera honetako argazki guztiak hementxe ikus eta jaitsi ditzakezue.