Noticias

 

...Eta umeek bozka emateko aukera izango balute? Hain arraroa al da halakorik pentsatzea? Zergatik? Alderdi politikoek aintzat hartuko lituzkete euren eskariak botuak eskuratzeko? Euren marketing kanpainak aldatuko lituzkete umeak limurtu behar balituzte hauteskundeak irabazte aldera? Eta umeek osatutako alderdi politikoak aurkeztuko balira hauteskundeetara?

Normalean erabaki politikoei dagokienez pertsona helduek pentsatzen dute umeen partez, baina baliteke egunen batean umeek ere botua emateko eskubidea izatea, eta orduan...  Orduan zer? Asko aldatuko litzateke gure herria?

Otsailaren 19ko Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren bileran joko honi jarraituta udal alderdi politiko berri bi sortu dira: LARRABETZU HOBETUZ eta UMEEN PARTIDU EUSKALDUNA.

Hauteskunde sistemari buruz hitzegin dugu dinamikan sartu aurretik, dauden instituzio ezberdinak azalduz, eta nola bakoitzak eskumen ezberdinak dituen, Larrabetzuko Udalari zer dagokion, hauteskunde kanpainak nola egiten diren e.a.

Batzuek zein besteek euren programa politikoa osatu dute, Udalean dauden batzorde ezberdinak azalduz eta horien gainean lan eginez: Hirigintza, Herri Lanak, Gobernazioa, Ogasuna, Ongizatea, Hezkuntza, Aukera Berdintasuna, Osasuna, Gazteria, Kultura, Euskara, Kirola, Ingurumena, Nekazaritza eta Garapen Ekonomikoa. 
  
Seiko bi talde osatu ditugu, bakoitza hezitzaile batek lagunduta. Tarte luzea utzi diegu alor bakoitzeko proposamenak garatzeko, behar dituzten azalpen guztiak eskainiz. Ez da erraza adostasunak hain azkar lortzea, normalean alderdien programak ez dira ordubetean osatuko...

Proposamen bateria bat osatuta dutela, alderdi bien arteko eztabaida egin dugu, gai horien gainean. Eztabaidatu ditugu beraz Anguleriko beheko partean zinea jartzea; jendeak zakurren kakak jasoarazteko moduak; eskolan ingles eta musikako gelak jartzea; tenis kantxa eraikitzea; Mitxilotako parkean aterpea jartzea; igerilekuko aterpearena; mendian tirolinak ipintzea; Turismo Bulego bat ipintzea; nekazaritza ikastaroak eskaintzea edota kaleko zikinkeriak nola ekidin, besteak beste. Ideiak ez ditugu faltan!

Martxoaren 14an ospatuko dugu hurrengo bilera. Jarraituko dugu informatzen...
Hemen ikusi (eta jaitsi) ditzakezue bilera honetako argazki guztiak:

https://flic.kr/s/aHskP7CnZt