Noticias

 

Aho batez onartutako mozioa. EAJ-PNV + EHBILDUren botoakaz onartutako adierazpena

Bizi. Prest
Egunero dalako euskeraren aldia
Bizi. Prest.
Holantxe datorkigu euskera bere aurtengo Nazioarteko Egunean. Eta holantxe doa etorkizunerantz. Mingainetan, pantailetan, uhinetan bizi-bizi. Edozertarako prest.
Etxean bizi-bizi, kalean bezala; bizi-bizi eskolako jolastokian, ikasgelan bezala; lantokian bizi-bizi, lagunarteko solasaldietan bezala; bizi-bizi osagilearenean, saltokian bezala; zuzeneko harremanetan bizi-bizi, birtualetan bezala; bizi-bizi kirolean, liburuetan edo zineman bezala.
Prest gagozalako gu, euskal herritar gehien-gehienok, hori holan izan daiten. Prest gagozalako euskerari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda daiten, samur bezain indartsu. Dakiguna dakigula, mintzatzen ez dana baita euskera eskas bakarra.
Prest gagoz, eta gogotsu, euskerak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dagian. Gogotsu gagoz, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskeraren soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dana baita euskera kaskar bakarra.
Prest gagozalako, eta ezin gogotsuago, euskeraz ere gero eta gehiago bizitzeko. Ingurune guztietan. Eginkizun guztietan. Natural-natural. Bizi-bizi.
Euskal hiztunok horretarako egin behar dogun urratsa ez da txikia, ez erraza. Borondate aktiboa eskatzen deusku. Erosokeriari izkin egitea eskatzen deusku. Sakon errotutako ohiturak aldatzea eskatzen deusku. Kontzientzia ahalegin sendoa eskatzen deusku. Euskeraz ere herritar izateko aukera egitea eskatzen deusku.
Eta eskatzen deusku, batez ere, euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea.
Euskeraren erabileran egin beharreko urrats erabakigarri hau zinez da gizarte-eraldaketa zabal sakona, neurri historikoa dauana, gure gizartearen bilakabidean mugarri izango dana. Eta, neurri horretako aldaketa guztien antzera, adostasuna dau elikagai nagusi, prestasun eta prestutasunagaz batera.

Euskeraren gizartea. Gizartearen euskera
Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskerak batura behar daualako, ez kenketa; biderketa behar dau, ez zatiketa.
Herri aginteak, gizarteak bere dinamika propiotik sorturiko erakundeak, herritar guztiok eta gutariko bakoitza: dan-danok gara, aldi berean, euskeraren erabilera eraginkortasunez areagotzeak ezinbestekoa dauan adostasun zibil zabalaren osagai eta eragile, aldi berean garan bezala haren onuradun eta bultzatzaile, bideratzaile eta babesle.
Baina aktibotasuna, praktikotasuna, da adostasun horren osagarri nahitaezkoa. Nahikoa ez dalako, honezkero, aldarrikapen hutsen linboan galtzen diran asmo arranditsuak plazaratzea. Atzean utzi behar dogulako beste inork euskeraren alde egin ahal dabenaren zain egotea. Lorgarria dalako, erabat, euskeraren erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, herritar bakoitzak euskera ezpainetara eroateko bere erabagi pertsonala gauzatzen badau, hori eta ez besterik dalako, azken finean, gizartearen helburu kolektiboa: aukera pertsonal ugariren batura.
Eta egin egingo dogu.
Munduari euskeraz ere helduz, euskerarentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskera ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz. Euskerak eguneroko bizitza aberastu dagian; eguneroko bizitzak euskera bete dagian.
Elkarregaz.
Elkarrenganako errespetu osoz, elkarrengandik adorea jasoz.
Elkarri euskera eskainiz.
Euskera bizi-indarrez sendoagotuz.
Bizi. Prest.
Egunero dalako euskeraren aldia.

Mozioa (PDF 83KB)