Noticias

 

Larrabetzuko EH Bilduko udal-taldeak Osoko Bilkuran onartua izan dadin ondoko mozioa aurkezten du:

JUSTIFIKAZIOA
Urte honetako uztailaren 29an Bilboko aireportuaren inguruan putre baten eta hegazkin baten arteko talka gertatu zen. Aireontziaren turbinak putrea irentsi egin zuen aireratzeko maniobra egiten zuen bitartean, eta horren ondorioz, aireportura itzuli behar izan zuen ezinbestean motor bakar batekin hegaz eginez. Suhitzaileak pistan bertan zain egon behar izan ziren, hegazkineko tripulazioak hala eskatuta. Hau guztia Getxo gainean gertatu zen, 600 metro inguruko altueran.

Antzeko gertakaria eman zen Zamudio gainean maiatzaren 6an, oraingo honetan lurreratze maniobra egiten ari zela hegazkina. Kasu honetan hegazkinaren motorraren karkasa zatiak erori ziren herrigunetik hurbil dagoen etxe batzuetako espaloi baten gainera.

Bi gertakarietan erasandako motorrak aireportuan bertan aldatu behar izan zituzten, konpontze lanetan egunak eman ondoren. Sats eginda zeuden.

Urte batzuetatik hona, aireportuaren  inguruan putreen presentzia ohikoa bihurtu da, eta arriskua dakarkie hegazkinei maniobra garrantzitsuenak egiten ari diren momentu berean, hau da, aireratzean eta lurreratzean. Urtero ehunka dira begiztatutako putreak.

Getxo inguruan gertatutako talka hau Abiazio Komertzialeko Pilotuen Elkargo Ofizialeko bozeramaile batek (COPAC) larritzat jo zuen, eta gaineratu zuen neurriak ez badira hartzen, istripu bat gerta daitekeela.

Kontuan hartu behar da Getxo eta Zamudioko gertakari hauek herriguneen gainean gertatu direla, orindik larriagoak bihurtuz. Istripu batek, hegazkinean doazenen gain, Loiuko aireportuaren  inguruan bizi garenoi ere eragingo zigun.

Getxo eta Zamudio gainean jazotako gertakari larriak, lehenago ezagunak ziren datuak ikusita, argi zegoen gerta zitezkeela, eta zoritxarrez,  hala gertatu da. Horrek guztiak agerian utzi du baliabide falta putreen begiztapenek erakusten zituzten arriskuak saihesteko edo gutxitzeko. Egoera honi aurre egiteko, ardurdunek gaur arte “probabilitatearekin” jolastu dute, beharrezko neurriak hartu beharrean, eta onartu ezin den arduragabekeria erakutsi dute.

Gertakari larri horien aurrean, udalok ezin gara izan begirale hutsak. Gure auzokide guztien segurtasuna dago jokoan. Hori dela eta, egoera aldatu dadin derrigorra da eraginkorrak bihurtzea.

AKORDIORAKO PROPOSAMENA
Larrabetzuko Udaleko Osoko Bilkurak erabakitzen du:
1.- AENAri eta  euskal administrazioei esijitzea egoerari aurre egiteko eta biztaleriaren segurtasuna bermatzeko neurriak behingoan hartzea.
2.- AENARI eta dagozkien administrazioei esijitzea hegazkinek egiten dituzten altura baxuko maniobren eragina dugun udalerrien ordezkapena izan dadila arriskuei aurre egiteko erabakiak hartuko diren kudeaketa zentro guztietan.
3.- Gaur egunera arte Bilboko aireportuaren inguruan putreek sortutako arazoei aurre egiteko erantzukizuna izan dutenei ardurak eskatzea. Argi gelditu baita egoera honek arriskuan jarri duela biztanleriaren segurtasuna eta ez direla beharrezko neurriak hartu.
4.- Akordio hau jakinaraztea Bilboko  Aireportuko  Zuzendaritzari, AENAko zuzendaritzari, Sustapen Ministerioari, Bizkaiko Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari

Mozioa (PDF 382KB)