Noticias

Este documento se abrirá en una ventana nueva 

Ekainaren 5ean ospatu du 2018ko LUKek bere aurtengo azken bilera. Umeen Kontseiluan umeei aditzen diegu merezi duelako, euren iritziak aintzat hartu nahi ditugulako, ezberdinak eta berritzaileak zaizkigulako. Batzuetan Kontseiluak bere bidea egiten du umeen partaidetzari lotutako gaiak jorratuz eta herrirako proposamenak eginez, eta beste batzuetan Jakintsuen Kontseilu gisan jokatu eta galdetzen zaizkion kontuei buruz egiten da lana.

Oparoa izan da ikasturte hau Larrabetzuko Umeen Kontseiluarentzat, gai askori buruzko iritziak eta ekarpenak eskatu baitzaizkio.

Izan ere handik eta hemendik hainbat eskari jaso eta horiei erantzuten ahalegindu izan gara LUKen: lehen bileran Alkatearen bisita hartu eta eskolako estaldura berriari buruzko nondik norakoei buruz galdegin zien, ekarpen guztiak apuntatuz; bigarrenean herriko jaietarako proposamenak emateko eskatu eta 77 proposamen bota zituzten LUKetik; hirugarrenerako, jai batzordetik horietarik hiru jarduera garatzeko eskatu eta hala aritu ginen (Lagunarteko futbol partidua, Larrabetzu Talent lehiaketa eta Umeentzako Pintxo Lehiaketa); laugarren bileran, berriz, Larrabetzu2025 partehartze prozesuaren barruko kontsulta egin zitzaien LUKtarrei, euskararen erabilpena sustatzearen gaiari buruz.

Bosgarren eta azken bilera hau bi zatitan antolatu dugu: Errebalen elkartu gara  bileraren lehen partea egiteko. Hasteko, Larrabetzuko jaietarako LUKek garatu zituen hiru jardueren gaineko antolakuntzan ardurak hartzea proposatu diegu LUK osatzen duten umeei... Baina uda uda da, pentsatuko zuten, batzuk kanpoan izango dira eta besteek ez dakite... beraz haiek antolatzeko konpromisorik ez hartzea erabaki dute.

Horren ostean, Umeen Herria izeneko dinamika egin dugu, non ume bakoitzak postitetan idatzi zezakeen Umeen Herri ideal batetan zer egongo zen (eta zer egongo zen kanpoan). Horretarako harbelean herri bat irudikatzen duen zirkulu bat marraztu dugu, eta umeei proposatu diegu bertan itsastea eurek idatzitako proposamenak. Hainbat eta hainbat ideia itsatsi eta gero, denen artean ozen irakurri eta gogoeta apur bat egin dugu herri horri buruz. Pertsona nagusiak kanpoan utziko gintuzketen... ala barruan? Eta barruan izatekotan... nolako zereginekin? Nolako forma izango luke herri horrek? Zein jarduera mota egingo lirateke? Eskola kanpoan geratuko zen? Gure herriaren oso desberdina izango ote zen?

Gero Udaletxera joan gara. Iñigo Gaztelu Alkatearekin elkartu eta honek uda bukaeran eraikitzen hasiko den skate-parkari buruzko nondik norakoak kontatu dizkie, umeek euren iritziak emateko. Nahiko txikia izango dela, eta 15.000€ko aurrekontua izango duela azaldu die, besteak beste. Jarraian beste zenbait konturi buruz solasean aritu dira, hala nola Zubitaldeko parkeari buruz edota herriko beste parkeei buruz. Saioa amaitzeko oparitxo polit batzuk eraman dituzte denek euren etxeetara.

Datorren urtean erronka berriei helduko die LUKek, eta taldearen erdia berriztu egingo da: Lur, Asier, Jon, Naima, Amaia eta Zirats beteranoek azken bilera zuten ekaineko hau, datorren ikasturtean zozketan hautatutako 4. mailako sei ume berriri utziko baitizkiete euren lekuak.