Noticias

 

Partida bateko emaitza dirudi, baina ez dakigu ze kiroletakoa... Baina ez, urteak dira eta ez tantoak, ez golak. Eta bai, aurtengo Larrabetzuko Umeen Kontseiluak herrian garatzen ari den hiritarren partehartze prozesuan parte hartu du gaurkoan, maiatzak 2. Prozesu naturala da, jakina, umeen parte hartzerako egitasmoa baita LUK, Jakintsuen Kontseilu hau.

LUKeko aurtengo umeek 9 eta 13 urte bitartean dauzkate. 16 eta 20 bitartean izango dituzte 2025ean. Nola imajinatzen duzue herria urte horretan? Eta harritzekoa da, zientzia fikzioak zein eragina daukan, etorkizuneko agertoki apokaliptikoak agertu dituztela: hondamendi ekologikoak, mundu gerrak... Baina demagun halakorik gertatzen ez dela... Nolakoa nahi zenukete Larrabetzu?

Larrabetzu 2025 parte hartze prozesuak sei gai ditu aurten hiritarrekin jorratzeko: Ekonomia, Hondakinak, Etxebizitza, Ingurumena, Kultura eta Euskera. Azken honi heldu diogu gaurkoan, euskararen erabilpena Larrabetzun sustatzeko umeen ekarpenak biltzeko helburuarekin.

LUKen eginkizuna umeen ume iritziak jasotzea da, hori du bere zeregina. Eta ez da erraza izaten, umeek -oso azkarrak direnez- galdetzen diezunean ez baitizute esaten haiek uste dutena baizik zuk entzun nahi duzula uste dutena. Helduen erantzunak ematen dituzte. Are gehiago euskararen gaiarekin...

Bi taldetan, solasgida bati jarraiki, gaiaren inguruko sentsibilizazioa jasotzen aritu gara herrirako proposamenak biltzen hasi aurretik. Esate baterako:

Zer da euskara? Hizkuntza / Altxor bat / Jainko bat / Indar bat / Ahoko kirola / Elkartzen gaituena / The Big Po / Zapore goxoa / Objetu inbisible bat / Gutxitzen dena / Mierda bat / Sentimentu bat / Pertsonak / Herri bat / Janari bat.

Edo: Euskaraz hitzegiten ezeroso sentitzen zarete batzuetan? Jende aurrean hitzegin behar denean / Ez dakidanean zerbait euskaraz esaten / Euskañol erabiltzen dugu batzutan, hitz bat edo falta zaigunean euskaraz.

Hala aritu gara, galderaz-galdera, euskararen kontu hau umeek nola bizi duten arakatzen, eta beraien erantzunik ezberdinenak jasotzen... Eta azken galderara iritsi gara: Herri mailan zer egin daiteke euskararen erabilera sustatzeko?

Proposamen hauek egin dituzte LUKeko umeek: Nagusientzako euskarazko klaseak egitea oso merkeak edo gratis / Umeek amuma, aitite eta gurasoei erakustea / Udalekuak egin bereziki euskaraz egiteko / Kantatzen / Kruzigramak euskaraz, lehiaketa plazan / Euskeraz jolasak / Euskaraz egiteko ekintzak nagusientzat / Euskaraz hitz egiteko irteerak / Gugandik hasi / Mihiluze moduko bat nagusientzat / Musika euskeraz: gazteek entzuten dituzten musika estiloak kontuan hartuz, euskarazko musika sustatzea eta elkarbanatzea (jaietan?) (adibidez, reggaeton euskeraz egiten denik ez dakite gazte gehienek, ba musika hori helarazi nolabait...)

Jasotako informazio guztia Larrabetzu 2025en eskuetan jarri dugu jada. Hurrengo bilera aurtengo azkena izango da, ekainaren 5ean, eta Iñigo Gaztelu herriko alkatea izango dugu bertan.

Lotura honetan ikus ditzakezu bilerako argazkirik politenak: https://flic.kr/s/aHsmf8egdN

Akta (PDF 313KB)

Jasotako erantzunak (PDF 241KB)