Noticias

 
Euskararen egoera nolakoa den deskribatzeko garaian, askotan jotzen da iritzia ematera. Baina subjektibotasuna saihesteko, gero eta garrantzitsuagoa da egoeraren berri emango duten datuak eskuartean izatea, balorazioetan objektibotasuna lortzeko. Hala, datu horien bila ekin nahian, herriko euskararen presentzia nolakoa den adierazteko, funtsezkoa da kalean zenbat euskara erabiltzen den jakitea. Izan ere, soziolinguistika arloko eskarmentuak erakutsi du erabilera dela hizkuntza baten egoeraren adierazle esanguratsuena eta fidagarriena.

Hizkuntza erabiltzea gizakion jardun arrunta edo ohikoa da. Nonahi, noiznahi, baliatzen dugu hizkuntza. Hizkuntza bat edo bestea erabiltzea ez da jarduera arautua edota patroi jakinei obeditzen diena, ordea. Horrenbestez, hizkuntzen erabilera hori neurtzea ariketa konplexua da, eta metodologia findua eskatzen du. Helburu horri erantzuteko asmoz, sortu eta garatu dugu kaleko hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologia. Horri esker, abantaila handiak lortzen dira herriko errealitatera hurbiltzeko, eta, beraz, funtsezkoa bihurtzen da herri-mailan hizkuntza-errealitatea ezagutu edota planifikatu nahi duen edonorentzat, kale neurketen emaitzak beharrezkoak baitira eragin esparruen lehentasunak ezartzeko edota datu xeheagoak eskuratze aldera. 

UEMA osatzen duten hainbat udal dira beren kasa eta Soziolinguistika Klusterraren laguntzaz urtetan herriko kale-neurketak burutzen dituztenak. Mankomunitateak, ordea, bere baitan dauden udalerri guztietako euskararen kaleko erabilera zenbatekoa den jakin nahi luke. Horretarako, Soziolinguistika Klusterrarekin batera, biztanle gutxiko herrietan kale-neurketako ohiko metodologia aplikatzeko moldaketak egin eta UEMA osatzen duten herri gehienetako gaur egungo erabilera datuak eskuratu ahal izan ditugu.

Era berean, Galtzaundi Euskara Elkartearekin lankidetzan, Tolosaldeko UEMAkoak ez diren beste hamahiru herritan ere burutu da Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketa. Hala, Tolosaldeko udalerri euskaldunen informazio osatuagoa eskuratu ahal izan da.

Txosten honetan, beraz, ezagutza maila altueneko eremuan kokatzen diren herrietako hizkuntzen kale-erabilera datuak jasotzen dira: Tolosaldeko 29 herritakoak eta UEMAren barruan dauden beste 47 herritakoak. Eremu soziolinguistiko honetako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen da.

Ver informe (PDF 7,01MB)