Noticias

 

Umeen Kontseiluak umeei aditzea, umeen begirada jasotzea du helburu, helduon eskariz, herrigintza inklusiboa eta partehartzailea egite aldera.

Eta zer da umeei aditzea? Francesco Tonucci pedagogoak dioenez, umeak ohituta daude zerbait proposatzen dutenean pertsona helduek danari baietz esan eta gero ezer ere ez egitea. Eskatzen duten guztia egin behar da orduan? Ez, hori ere ez da, jakina. Erraza da Umeen Kontseilua bezalako organu politiko batetan ere lan dinamikak egin eta hortik sortutako proposamenak hutsean geratzea gero. Bai kontseiluaren dinamikaren barruan, baita erakundera salto egitean lost in translation  geratzen diren kontuengatik ere. Oharkabean pasatzen zaizkigulako. Proposamen umeegiak direlako. Garestiegiak direlako. Ez direlako plangintzan sartzen. Beste asmo batzuk ditugulako... Umeen eta erakundeen begiraden arteko saltoa handiegia izatea gerta liteke, eta halakorik gerta ez dadin saiatzen gara LUKen, noski. Umeak dakarten guztiarekin onartzen ditugu, haiek esandako guztia aditzen dugu, haien galderei erantzun eman, gaiak eztabaidatu, maila berean solasten gara, hezitzaileak helduago izanagatik nagusitasunik markatu gabe.

Umeek ere Alkateari aditzen diote. Hark galdera bat bota zien, kontseilu bat eskatu: Zelan egin herritar gehiagok udal arazoetan parte hartzea. Horrekin ari gara baina ez du erantzun errazik, nagusiok ere ezin jakin zergatik herritarrek ez duten udal-kontuetan gehiago parte hartu nahi, edo nola egin zitekeen hori.

Maiatzaren 3an ospatutako laugarren LUK bileran, ordea, aurreko egunean umeek plazaratutako zenbait udal proposamenei ekin diegu lehenik, eta horrek ia bilera osoa eman digu. Proposamenak aztertzen eta jorratzen aritu gara luze-zabalean. Buru belarri aritu gara ordu terdiz udal-proposamenen dantzan. Bukatutakoan plazara jolastera ateratzekotan ginen, baina baziren lantaldean jolastera atera nahi ez eta lan honekin jarraitu nahi zuten umeak ere (ez denak, noski:).

Gelditu gabe aritu gara koloretako postitak leku batetik bestera mugitu eta berriak idazten. Badakizue? ideia mordoa dute gure herria hobetzeko, beti ere haien begietatik ikusita, noski. Euren lekua eskatzen ari dira Larrabetzun, herrigintzan. Badira herrian zehar haiek bizitzen dituzten lekuetan egin beharreko konponketak, egin litezkeen hobekuntzak eta proposamen berriak. Herria guztiok bizitzen dugu eta ume hauek ondo ulertu dute hori. Politika egiten dugu Umeen Kontseiluan.

Datorren hilabetean aurtengo azken LUK bilera ospatuko dugu. Iñigo Gaztelu Larrabetzuko Alkatearekin batera elkartuko gara eta proposamen guzti hauek kontatuko dizkiogu, baita berak jaurtitako galderari eman dizkiogun bueltak ere. Umeen begirada gustoko dugu, ezberdina delako. Horrek zenbat aberasten gaituen aditzen ikasiz gero.

Hemen dituzue bilera honetako (eta aurrekoetako) argazkirik ederrenak.