Noticias

 

2017 MARTXOAK 8 - LARRABETZUKO UDALEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Martxoaren 8a 1908 urtean Estatu Batuetan industria testileko emakume langile talde batek lan baldintza prekarioak denuntziatzeko egindako greba eta manifestazioetan kokatzen da.

Ordutik hona hainbat emakume eta gizonen lanari eta borroka feministari esker urrats nabarmenak eman badira ere, aldarrikapenak azaleratzea egokitzen zaigu. Dauzkagun lege eta araudiak berdintasunaren aldeko marko orokorra izan arren, oso urruti gaude berdintasun erreala lortzetik.

Urteotan jendartearen eskubide zibil eta oinarrizkoek atzera egin dute: lan prekarizatua, etxebizitzarako eskubide ukatua, zerbitzu sozialen murrizketa zein pribatizazioak, eta abar.

Eta egoera orokor honetan, emakumeon eskubideek atzerapauso handiagoak izan dituzte: lana eta enpleguaren arteko desoreka, emakumeon enpleguaren prekarizazio itzela, dependentzia legearen aplikazio atzerakoia, biolentzia matxisten areagotzea, eraso sexisten egunerokotzea, neomatxismoaren indartzea… eta larriagoa dena, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortua dagoen uste ustela.

2017ko martxoak 8 honetan argi esan nahi dugu emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, lan itzela dugula egiteko aurretik. Eta guk lan horri eutsi egin nahi diogu:

  • Gure adineko emakumeek bizitza luzea izan arren, bizitza kalitate duina ere lortu dezaten.
  • Gure neska gazteek, mutilen parean dagokien sexu eta afektibitate libre, anitz eta segurua bizitzeko aukera izan dezaten. Denek libreki harremantzea merezi baitute, neskek eta mutilek.
  • Kirol esparruan aukera berak izateko esponsorizazioetatik hasi eta azpiegiturak erabiltzeko aukeretara arte
  • Hezkuntza kurrikulumean hezkidetza ikuspegia integratua izan dadin
  • Lan merkatuaren logika patriarkala gainditu, eta pertsona oinarri izango duen logikan kokatuak izan gaitezen guztiok.
  • Pobreziaren tasek guztiontzat behera egitearekin batera, emakume aurpegia izateari utzi diezaioten
  • Etxegabetze gehienek emakume aurpegia dutenez, etxebizitza eskubide subjektiboa, errealitate bilaka dadin
  • Zaintza lanak partekatuak izan daitezen, sistema publikoaren babesean
  • Emakumeak gure gorputzaren eta bizitzaren jabe errealak izan gaitezen, inoren erasoaren menpe egon gabe
  • Inork erasotuko ez gaituen jendartea eraiki dezagun, eraso ekonomiko, laboral, sexual, sexista, ideologiko zein legalak bertan behera utziko dituen neurriak hartuz.

Guzti honen aurrean, ondoko hau onartzen dugu:

  1. Emakume zein gizonen arteko parekidetasun erreala lortzeko helburuarekin, Udaletik eta baita herriko talde feminista zein aipatutako helburuekin bat datozen gainontzeko Larrabetzuko elkarte zein norbanako herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.
  2. Larrabetzun martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzekin bat egiten dugu eta herritarrei dei egiten diegu beraietan modu aktibo batean parte har dezaten.