Noticias

 

Aquí tenemos el resumen de la primera jornada de este consejo:

Bistan da, jendeak badaki, somatzen hasia da, herriak LUK berria daukala. Larrabetzuko Umeen Kontseilua-LUK 2017ko otsailaren 3an eratu da, ostiralez ospatu du bere lehen bilera, hasi dira umeak herriko erabakietan parte hartzen, herria bera hausnartzen, euren ikuspuntuak partekatzen...

Arrapaladan sartu dira Irati, Lur, Asier, Ion, Oier, Naima, Zirats, Amaia, Aitzol, Garikoitz, Maddi eta Ismene LUKen Errebaleko egoitzara, indarrarekin sartu dira Kontseiluan. Euren ume-begirada baliatuta gure herrigintza aberasteko Alkateak deituta daude, zozketan hautatuak izan dira eta ekaina bitartean hilean behin arituko dira elkarlanean.

Lehen bileran partaide bakoitzari zer gustaten jakon eta zer ez jakin ahal izan dogu, baita bakoitzak zein superbotere aukeratuko lukeen ere, edota Larrabetzuko zein txoko duten gustokoen edo zein dan gitxien gustaten jakena. Elkar ezagutu eta talde bezala osatu gara, Peru, Irati eta Iratxe hezitzaileek lagunduta. Gero Udaletxeko gela guztiak eta bertan zeuden langileak ezagutzera joan gara Eunate Guarrotxena Alkateordearekin batera. Alkatea gaur egon ez arren, bere bulegoa goitik behera arakatu dugu, herria gobernatzeko planoen bila edo...

Osoko Aretoan elkartu gara, zinegotzi guztiek bilerak eta plenoak ospatzen dituzten eserleku horietan. Bertan azaldu die Eunatek Udalaren izenean umeei lehen urrats hauetan luzatu nahi dieten kontsulta. Hona azalpena: Herrian 2000 biztanle pasatxo bizi gara eta denei dagozkigun erabakiak 11 zinegotzien artean hartu behar dituzte. Udal-plenoak ere irekiak dira baina ez da apenas inor bertaratzen. Nola egin partaidetza maila hori areagotzeko, nola erraztu eta bideratu jende gehiagok parte hartzea?

Horren ostean solasaldi mamitsua suertatu da eta askok gure herrian egin litezkeen hobekuntza batzuk aurretik hausnartzen ibilitakoak zirela ageri-agerian geratu da. Datozen hilabeteotan ospatuko ditugun beste bilerak ere oso mamitsuak gertatuko direla soma daiteke.

Ohartu orduko eskolara bueltatzeko ordua, ordu biko lana egin ostean. Gauza asko ikasi dugu lehen saio honetan. Martxoaren bigarrenean hurrengoa!