Noticias

 

Zer egin daiket nik euskerearen alde?
Euskararen Nazioarteko Eguna, 2016
Adierazpena

Abenduaren hirua pozik bizitzeko eguna dogu euskaldunok. Orain dala berrogei urtera arte gizartean gainbehera joian euskerea hazkunde argian jarri dogu. Gehien bat belaunaldi zaharrenen hizkuntza izatetik, belaunaldiarteko hizkuntza eta, batez bere, gazteen hizkuntza izatera pasatu da. Ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dauzan eremu sozialetan bere nor izatera. Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera. 

Euskerea bizitzen dabilen zabalkundea gizarte osoaren gurari eta ahaleginari esker gertatu da. Norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenari esker. Jende askoren eskuzabaltasunari esker. Gizarte osoak proiektu kolektibo gisa bereganatu izanari esker. Konpromiso publiko eta pribatuari esker. Gizartearen adostasunari esker.

Hizkuntza-alkarbizitza gizarte-alkarbizitzaren osagai egin  dogu, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen bardintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztion aukera bardintasunaren oinarrian jarri doguz. 

Euskerearen Nazioarteko Eguna badogu, baita bere, indarbarritzeko eguna. Izan bere, gaur egun, oraindino, bi hizkuntza ofizialen bardintasun sozialetik urrin gagoz. Euskereak eta gaztelaniak, erabilerari jagokonez, legezko aitortza bardina dabe, baina gizartean egoera desberdina bizi dabe.

Horregaitik, urratsak emoten jarraitu gura dogu. Bi hizkuntza doguz ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina helburu izaten jarraitzen dau, gizartean erabat, hizkuntzen arteko bardintasun sozialera heltzeak. Hizkuntza-aniztasunaz harro gagozelako eta euskereagaz munduko hizkuntza-aniztasunari egiten deutsagun ekarpenaz bere harro gagozalako. Hizkuntza-aniztasunak gure gizartea aberasten dauelako, euskereak hizkuntza-aniztasuna aberasten dauelako eta, halanda ze, gutako bakoitza aberasten gaituelako. Euskerea, Etxeparek esan moduan, plazan gura dogu, indartsu eta sendo gura dogu bere lurralde guztietan.

Euskerea hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horixe gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dauzan helburua; helburu ilusionagarria; guztioi dei egiten deuskun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-alkarteei, kirol, astialdi nahiz kultur arloko alkarteei, gizartearen arlo desbardinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dogun helburua da, gustura hartzen dogun konpromisoa.

Horregaitik, herri aginteok eta askotariko gizarte-eragileok alkar hartuta ospatu gura izan dogu aurten Euskeraren Eguna. Euskera eta hizkuntza-alkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu gura izan dogu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren eredukoa. Horretarako, gure buruari galdera bat zuzendu deutsagu: “Zer egin daiket nik euskararen alde?”.

Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa emon gura deutsagu, gure eremuan euskerea modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu gura doguz galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskerearen bizibarritzerako eta guztion arteko alkarbizitza sendotzeko.

Ospa daigun horregaitik, pozik eta harro Euskerearen Nazioarteko Eguna. Eta bizi daigun aurrera begira euskerea, gure artean eta egunerokoan, hizkuntza bizia eginez, “Zer egin daiket nik euskerearen alde?”  galdereari erantzunez eta galderea bera euskal gizarte osoan zabalduz.