Noticias

 

Protocolo para hacer frente a la violencia machista en Larrabetzu

Sexu-genero sistemaren baitako botere-harremanak mantentzera edo indartzera datorren oro da indarkeria matxista.

Indarkeria matxista hamaika eratan ager daitekeen arren, eta hauek jomugan izango baditugu ere, kanpora begira erantzuteko orduan, erasorik larrienetan jarriko dugu arreta oraingoz, hots, erailketa eta eraso larri gisa ezaugarritu ditugunetan.

Protokoloa abiatzeko moduko egoerak:
a) Emakumeen kontrako tratu txarren kasuak.
b) Sexu-erasoen kasuak.
c) Heriotza eragiten duten indarkeria matxistaren kasuak.
d) Egokitzat jotzen denean.

Osoko bilkurak protokolo hau onartu bezain laster, udal ordezkaritza duen alderdi politiko bakoitzetik pertsona bat izendatuko da protokoloaren arduradun gisa.

1.- Erasoaren berri izan bezain laster, Alkatea, protokoloaren arduradunak, eta Berdintasun Teknikaria harremanetan jarriko dira protokoloa abiatzeko.

2.- Larrabetzun indarkeria matxistaren kontra lan egiten duten elkarteekin (emakume taldearekin, talde feministarekin...), Giza Ongizatearekin eta, beharrezkoa balitz, Ertzantzarekin harremanetan jarriko dira elkarlanean aritzeko.

3.- Udala (protokoloaren arduradunak eta Alkatea) gainerako erakundeekin koordinatu etaemakumea edo emakumearen inguru hurbilarekin harremanetan jarriko da (adingabea bada, senideekin edo legezko tutoreekin soilik) , eskura izan ditzakeen baliabideen berri eman eta hauek eskuratu ahal izateko bidea errazteko: laguntza legala, laguntza psikologikoa, laguntza ekonomikoa, beharrezkoa bada… Beste ezeren gainetik, babesa eta elkartasuna erakutsi behar dugu, eta, ahal badugu, geure burua akusazio partikular moduan aurkezteko aukera eskainiko dugu.

4.- Beharrezkoa bada, bozeramaileen batzarako edo aparteko Osoko Bilkurarako deialdia egingo da, eta bertan, gaitzespen adierazpena adostu eta mobilizaziorako deialdia egingo da. Baliteke mobilizaziorako deialdia herriko elkarte batek egitea edo egin nahi izatea, Udalak egin beharrean. Kasu horretan, Udala harremanetan jarriko da pertsona horiekin, eta bat egingo du, egokitzat jotzen badu.

5.- Erasoa salatzeko, udaletxean pankarta edo/eta momentuan idarrean dagoen ikurren bat jarriko da beharrezko jotzen den denboran. Berdin egingo da gaitzespen-adierazpenekin webgunean eta herrian zehar dauden iragarpen tauletan.

6.- Erantzuna prestatzeari begira, erasoa jasan duen emakumearen borondatea kontuan hartzeko ahalegina egingo da. Kontu handiz prestatu behar da salaketa emakume erasotuaren identitatea eta intimitatea babesteko. Fokua erasotzailearengan jarri behar da eta ez alderantziz. Ezin dugu eraso bat salatu gabe utzi , nahiz eta batzuetan erasoa gertatu bezain laster erantzuna prestatzea zaila izan. Horrela bada, egun batzuk geroago egiteak ez dio salaketari indarrik kentzen.

7.- Jendaurrean nork hitz egingo duen erabaki egingo da informazio zehatza eta egokia izatea bermatzeko. Komunikabideek behartuta ere, ez da Udalaren aldetik batbateko erantzunik emango jasotako informazioa egiaztatu arte. Erantzun bat ematekotan, Udalak indarkeria matxistaren kontrako kultura sortzeko eta aurre egiteko duen konpromisoa eta jarrera azaltzeko izango da.

Baztertuko dugu emakumezkoak indarkeria matxista jasateagatik errudun egiten dituen diskurtsoa: janzkera, ordua, jarrera, erasotzailearekin izandako harremana... Erasoaren erantzulea erasotzailea da.

Horrenbestez, honako hauek hartuko ditugu kontuan hedabideetarako adierazpenak egitean:

  • Gertaturikoa ez da “gertakari” gisa definitu behar, eta ez da harridurarik erakutsi behar.
  • Egiturazko indarkeriaren testuinguruan kokatu behar da beti, eta ez gertakari bakan bat balitz bezala.
  • Eraso guztiei garrantzia emango diegu: eraso baten berri daukagunean, ezagutuko ez ditugun eta isilpean geratuko diren bestelako erasoak ere badaudela azpimarratu.
  • Azpimarratu behar da emakumeak inoiz ez direla jasaten duten indarkeriaren erantzule: erantzukizuna indarkeria erabiltzen duenarena da, ez beste inorena.
  • Ez da aipatu behar biktimaren edo erasotzailearen nazionalitatea, eta gogora ekarri behar da emakume guztiak izan daitezkeela genero-indarkeriaren biktima eta ez dagoela erasotzaileen profil zehatzik.
  • Hobe da ez aipatzea emakumeak aurrez salaketarik jarri ote zuen edo ez.
  • Beldurra sustatzen duten eta emakumeen askatasuna mugatzea ekar dezaketen diskurtsoak ekidin behar ditugu.
  • Erasoa harreman-sentimentalekin edo harreman-sexualekin lotuz justifikatzea saihestuko dugu.
  • Ez eman emakumea identifikatzeko moduko informaziorik (batez ere, adingabea bada), biktimizazio bikoitza saihesteko eta haren intimitaterako eskubidea errespetatzeko.
  •  

  • Orobat, herritarrek adierazpen morbosoak egitea saihestu behar dugu: "ez zion inori kalterik egiten" edo "oso bizilagun ona zen, eta aita ezin hobea", adibidez. Txutxu-mutxuak eta sentsazionalismoa saihestu behar ditugu.
  • Gogorazi emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko dauden baliabideak (hizkuntza ezberdinetan erabilgarri eta fakturan agertzen ez diren 24 orduko doako telefono zenbakiak adibidez).
  • Adierazi behar da Udalak lan aktiboa, integrala eta koordinatua egiten jarraitzeko konpromisoa duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik ankerrena den hori amaitzeko.